Pertsona baikorra nintzela uste nuen, baina agian oker nengoen. Txoko honetan idaztea tokatzen zaidan bakoitzean, mezu positiboren bat emateko intentzioarekin ekiten diot lanari. Baina saiatuta ere, ez zait ateratzen. Egia da azken asteotan aurrerapen itxurako urrats txiki batzuk egin ditugula, edo hori sinetsarazi digutela, itotzeko zori-zorian geundenean gerrikoa zulo bat lasaitu eta ahokada bat arnas hartzen utzita. Baina hau eta normaltasuna, zuria eta beltza.
Muga batzuk arindu dizkigute, beste erremediorik izan ez dutelako, eta arduraz jokatzeko eskatu digute, orain inoiz baino gehiago; egiteko geure buruagatik, edo besterik ez bada, gainontzeko herritarrei zor diegun errespetuagatik. Azken ahalegin bat, duela ia urte eta erdi irentsi gintuen zurrunbilotik burua ateratzen hasteko.
Eskatu bai, eta bueltan zer? Herritarrok ez ote ditugu merezi pandemia egoera eta baliabide publikoak arduraz kudeatzeko gai diren ordezkariak? Ez ote ditugu merezi errespetuz tratatuko gaituzten buruzagiak? Bai, noski; baina ez nuke esango zorte hori daukagunik, ez Jaurlaritzan, ez hortik gorako erakundeetan. Bestela, begira txertoak direla-eta eskaintzen ari zaizkigun espektakulua. Konfiantza eman behar liguketenak, eztabaidan jo eta su, denen bistara. Bitartean, lehen dosia hartutako milaka herritar, hortxe, bigarrenik izango duten arrastorik gabe. Asteetako hausnarraldiaren ostean, adituek hartu dute erabakia: izango dute bigarrena, eta bakoitzak sar dezala nahi duena. Bejondeiela!
Espektakuluez ari garela, ezin aipatu gabe utzi larunbat iluntzeetan ohiko bihurtzen ari diren poliziaren indar erakustaldiak. Azkoitiarrentzat esklusiban egin zuten otsailean, eta Azpeitikoan ere, baziren azkoitiarrak tartean. Badakit, bi kasuetan, zenbait gaztek arauak hautsi zituztela; esate baterako, kalean alkohola edan zutela. Eta gustatu ala ez, badakit ertzainek arauak betearazi behar dituztela, eta betetzen ez dituztenak zigortu. Baina ezinbestekoa al da furgoneta blindatuetan eta foam jaurtigailuz hornituta joatea? Beharrezkoa al da gazteak jazarri, iraindu, jipoitu, zauritu eta atxilotzea? Ez al dago gauzak modu zibilizatuagoan egiterik? Ez ote genuke gazteak ulertzen saiatu eta haiekin malguagoak izan behar? Ez al da bidegabea etxe batean hamabost lagun mozkortzeko elkartu ahal izatea, eta etxerik ez duten zortzi gazte kalean trago bat hartzen ari direlako zigortzea?
Adibideen zerrenda infinituraino luza nezake, baina ez dut egingo; nahikoak dira bi, lotsa sentitzeko. Lotsa, pandemia garaiotan herritarrei bidea erakutsi behar zietenak, askotan galdu-galdu eginda ikusi ditulako. Lotsa, herritarrei errespetu handiagoa zor dietelako. Eta lotsa, batez ere, geuk eman diegulako aginte makila.