Egun, sekula baino informazio iturri gehiago dauzkagu, eta sekula baino desinformatuago gaude. Gero eta gehiago kostatzen da jasotzen dugun informazioa egiaztatzea, horien atzetik beti daudelako interes desberdinak, eta interes horien arabera, gero eta errazagoa delako manipulatzea. Esan daiteke sare sozialak desinformatzeko tresnarik eraginkorrenetako bat bihurtu direla.
Herritarrontzat tresna eraginkorrak izan beharrean, sare sozialak boterearen tresna bilakatu dira. Sare sozialetan ez dugu iragazkirik pasatzen, ez da ikuspuntu kritiko batekin irakurtzen, eta jasotako informazioa etorri bezala zabaltzen dugu. Kritikotasun falta hori, esan bezala, kapitalisten tresna eraginkorrenetako bat ari da bihurtzen; egoera oso ongi aprobetxatzen dute, iritzi oro manipulatuz.
Azken urtean, COVID-19aren testuinguruan zabaldu den informazioa egiaztatu besterik ez dugu. Teoria konspiratzaileak barra-barra dabiltza sare sozialetan: birusa Txinako laborategietan sortu izanaren ustea, birusa hedatzeko eta jendea kontrolatzeko 5Ga erabaili izana... Eta zer esanik ez, tramaren gidaritza Bill Gatesi egotzi diote Donald Trump AEBtako presidente ohiaren jarraitzaile 'antibakunistek'. Horiek esan zuten, Microsoften sortzailea txertaketa programa aprobetxatzen ari zela populazioari mikrotxipak ezartzeko, honela poupulazioa kontrola zezan.
Munduko zientzialari ospetsuenek argi daukate koronabirusa animalien transmisiotik datorrela, eta deforestazioak nahiz aldaketa klimatikoak berebiziko zerikusia daukatela. Benetako eztabaida bat eman beharrean, jendeak nahiago du Bill Gatesena bezalako gezurrak zabaltzea, nahiz eta sare sozialak eztabaidarako aproposak izan.
Aldaketa sakonak behar dira ama lurraren gaineko errespetuan oinarritutako alternatiba bat eraikitzeko, eta aldaketa horiek kritikotasuna izan behar dute oinarrian. Utzi diezaiogun sare sozialetako tresnak izateari eta has gaitezen alternatiba ekosozialista eraikitzen.