Ba al dago udalarentzat adierazpen askatasunerako kaltegarria ez den biderik?

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Errazkin Alberdi

Azkoitiko Udalak azken egunetako margoketen inguruan esandakoaren harira, Aitor Errazkinek honako iritzi artikulu hau idatzi du: 

Astearte goizean eskolara bidean nindoala, Azkoitiko kaleak aldarrikapen mezuak dituzten margoketaz beteta ikusi nituen. Gehienetan, azaroaren 11ko grebaren aldarrikapena zetorren, baina baita horri lotutako bestelako mezuak ere: espekulazioa eta espekulatzaileak seinalatzen zituztenak eta errentistak jo puntuan jartzen zituztenak.

Gero, eguerdian, etxera bueltan nintzela, ez zegoen margoketa haien arrastorik ere. Azkoitiko Udala arduratu zen horiek guztiak egunaren lehen orduan ezabatzeaz.

Bazkaltzen ari nintzela, sare sozialetan Azkoitiko Udalaren argitalpen batekin egin nuen topo. Herrian agertutako margoketak gaitzesten zituen, baina harrigarriena argitalpenarekin batera jarritako argazkiak izan ziren: goizean ikusitako aldarrikapen politikoetatik bakar bat ere ez zen agertzen. Horren ordez, mezu politikorik gabeko grafitiak eta Berdura Plazako horman, ustez, goizean ezabatutako margoketa baten argazkia jarri zituen. 

Gainera, udalak publikazioa galdera sorta batekin planteatu zuen: Denenak diren hormak zikintzea al da zerbait aldarrikatzeko edo protesta egiteko modua? Ez al dago adierazpen askatasunerako kaltegarria ez den biderik? Zergatik ordaindu behar dute denek gutxi batzuen okerra? Zergatik jokabide hau?.

Deigarria da udalak herriko pareta batzuen egoeragatik erakusten duen kezka, eta, aldiz, hainbat margoketak salatzen zuten bezala, herritar askok etxebizitza eskuratzeko dituzten zailtasunen aurrean erakusten duen isiltasuna eta irtenbide eza. Badirudi margoketek erantzun azkarra eta irmoa behar dutela, baina mezu horien oinarrian dauden salaketak eztabaidatik kanpo utziz, betiere.

Etxebizitzaren arazoa jomugan duten margoketen kriminalizazioa udalaren buru den EAJren partetik ez da harritzekoa. Espekulazioa debekatu, espekulatzaileak espropiatu eta etxebizitza langileon gehiengoaren beharren arabera planifikatzeaz pentsatzetik haratago, honekin negozioa egiten dutenen sostengu eta bidelagun baita. Bere interesak espekulatzaile eta errentistekin lerratuak daude. Langile klaseak etxebizitza bat alokatzeko edo erosteko gero eta zailtasun handiagoak dituen bitartean, espekulatzaile eta errentistak behar horren kontura aberasten jarraitzen dute. Kontrara, etxebizitza  gutxi batzuen negozio eta aberastasun-iturri izatetik, eskubide unibertsal gisa bermatu beharra dago.

Horregatik guztiagatik, aldarrikapen konkretu batzuk deserosoak izatea ulertu dezaket. Jo-puntuan jartzen baitituzte erabaki politiko batzuk, etxebizitzarekin negozioa egitea eta batikbat jopuntuan jartzen baitute gutxi batzuk aberasten egotea gehiengoaren miseriaren kontura.

Orduan, zer aukera erreal dituzte instituzioetan ordezkaritzarik ez dutenek eta baliabide ekonomikorik ez dutenek beren aldarrikapenak zabaltzeko? Alderdi politikoek eta instituzioek diru publikoa eta komunikabideak dituzte eskura, beren interesak defendatzeko. Langile klaseak, aldiz, antolatzea eta kalea hartzea beste aukerarik ez du askotan, nahiz eta jakin aldarrikatzen denari erantzun beharrean, protesta egiteko modua kriminalizatuko dela. Ez da kasualitatea margoketak ezabatzeko hainbesteko presa izatea eta horietan salatzen den etxebizitzaren arazoari aurre egiteko borondate bera ez erakustea. Badirudi batzuek politika egiteko baliabide guztiak eskura dituzten bitartean, beste batzuei, protesta egiteko modua ere mugatu nahi zaiela. Azken finean, arazoa ez da hormetan zer idazten den, baizik eta idatzitakoak noren interesak jartzen dituen zalantzan.  

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide