'Eraman euskara praktikara' kanpaina abiatu du AEK-k, euskaldun oro euskaraz aritzera animatzeko

Erabiltzailearen aurpegia AEK

Hainbat mintzalagun, joste ikastaro batean. (AEK)

AEK-k zabalik du izena emateko epea. Euskaldun oro euskaraz aritzera animatzea du helburu kanpaina horrek. Azkoitian, iaz, 11 talde osatu ziren, eta guztira, 32 lagunek parte hartu zuten.

AEKren Praktikatu Zerbitzuak 2026-2027 ikasturterako kanpaina aurkeztu du, Eraman euskara praktikara lelopean. Euskaldun oro euskaraz aritzera animatzea du helburu kanpaina horrek. Laster hasiko dira mintzalagun taldeak elkartzen.

Hizkuntza guztiek behar dituzte hiztunak, bai etxean jaso dutenak bai ikasgelan ikasi dutenak: den-denak dira beharrezkoak. Halere, ezagutza soila hankamotz geldi daiteke, erabili ezean; bada, horixe da aurtengo kanpainaren gakoa. Laburbilduta, euskaradunak euskara praktikatzera animatu nahi ditugu.

Euskalduntzen ari direnek euskaldun osoak izango dituzte bidelagun, nor bere mailatik abiatuta; akatsak egiteko beldurra alde batera utzi eta bakoitzak bere erritmoan egingo du aurrera, eta bidean konfiantza eta erraztasuna eskuratuko dituzte. Gainera, ezin ahaztu Mintzalagunek, tokian tokiko euskaldunen saretzeari esker, euskaldunon komunitatea indartzen laguntzen dutela.

Eskaintza zabala

Azkoitian, iaz, 11 talde aritu ziren, guztira 32 lagun: kafea hartzeko, pasieran ibiltzeko, yoga egiteko, tokian tokiko euskalkian aritzeko, txakurrarekin ibiltzeko, mundua konpontzeko, mendira joateko, musean jokatzeko, kakorratza egiteko, hitanoz jarduteko... Hamaika aukera daude!

Horretaz guztiaz gain, Mintzalaguneko dinamizatzaileek hainbat ekintza ireki antolatzen dituzte aisialdian euskaraz gozatzeko: mintzodromoak, eskulanak, lehiaketak, sukaldaritza tailerrak, museoetan bisita gidatuak, hitzaldiak...

Hau irakurrita, animatu al zara? Normala!

Izena emateko jakizu bi baldintza hauek bete behar dituzula: batetik, gutxienez 16 urte izan behar dituzu; bestetik, euskara-ikaslea bazara, B1 mailan edo hortik gora aritu behar duzu. Horiek betez gero, sartu zure datuak honako lotura honetan eta dinamizatzailea zurekin harremanetan jarriko da.

Eta, lasai, egitasmoa doakoa da! Guri buruzko zerbait jakin nahi baduzu, idatzi praktikatu@aek.eus helbidera edo jarrai gaitzazu sare sozial hauetan:

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide