Hil honen 28an iritsiko da 24. Korrika Azkoitira, eta egun horretarako motorrak berotzen hasteko asmoz, Azkoitiko AEK euskaltegiak Korrikari buruzko galdetegi bat zabaldu du; 17 ezetz izeneko dinamika abiatu du AEK-k, herria Korrikarako girotzen has dadin.
Dinamika horretan parte hartzeko galdetegi bat prestatu du euskaltegiak; honako lotura honetan aurkituko dute herritarrek parte hartzeko bidea. Besteak beste, Korrikari buruzko galdera orokorrak erantzun beharko dituzte partaideek, baina gramatikako forma zuzenak eta euskal ortografiako galderak ere aurkituko dituzte.
Galderak erantzuteko azken eguna martxoaren 12a izango da, eta parte hartzen duten kide guztien artean Escape room antzezlana ikusteko sarrerak zozkatuko ditu AEK-k. Martxoaren 14an, larunbatez, Baztartxo antzokian eskainiko dute obra hori (19:00), eta egun horretarako bost sarrera zozketatuko ditu.