Dagoeneko abian da Mintzalagun, Euskara zu zara lelopean. Ikasturte honetan, euskaldunon komunitatea osatzeko norbanakoen garrantzia azpimarratu nahi dugu, eta bereziki, mintzapraktika programetako parte hartzaileek jokatzen duten papera: egunero hizkuntzan trebatu, praktikatu eta bizi garen guztiok euskaldunon komunitatea osatzen dugu, eta horren alde era aktiboan posizionatzen garenean euskara gara denok.
Mintzapraktika programetan ez dago ez zahar, ez berri; ez hango, ez hemengo... Programen bidez hiztun guztiek gustura eta lasai egiten dute euskaraz, euskaldunon komunitatea indartzeko eta zabaltzeko. Ideia horixe islatu nahi izan dugu.
Azkoitiarrek ere horretarako aukera izango dute. Talde txikietan elkartu eta euskaraz lasai hitz egiteko gune atsegina izango dute. Astean gutxienez ordubete elkartzeko konpromisoa eskatzen da. Horrez gain, hilero ekintza bat antolatzen dute elkar ezagutzeko eta herriko euskaldun sarea indartzeko. Parte hartzea doakoa da, eta kide guztiek deskontu zein sari politak eskura ditzakete.
Informazio gehiago nahi izanez gero, bisitatu Praktikaturen webgunea, deitu 607 612 697 edo 943-85 71 75 telefonoetara edota idatzi azkoitia@aek.eus edo euskara@azkoitia.eus helbide elektronikoetara.