Musika Bandaren egoitza bisitatu dute AEK-ko kideek

Erabiltzailearen aurpegia AEK 2023ko urt. 18a, 16:39

AEK-ko kideak, musika bandaren egoitzan.

Azkoitiko AEKn hilabetero kanpo ekintza bat egiten dugu, eta urtarrilekoa atzo, asteartea, egin genuen. Azkoitiko Musika Bandaren egoitza bisitatu genuen Carlos Muñoz musika bandako zuzendariaren eskutik.

Atzo, asteartea, AEK-ko kideak Carlos Muñozekin elkartu ginen, 15:15ean. Azkoitiko Musika Bandaren zuzendaria da bera, eta entsegu lokalean genuen zain. Hainbat kontu azaldu zizkigun, baita haien egoitzako txokoak erakutsi ere. Hasteko, biltoki txiki bat erakutsi zigun. Han, besteak beste, hainbat partitura erakutsi zizkigun. Horietako asko bandaren hastapenetakoak dira, eta eskuz idatzita daude; benetan interesgarria iruditu zitzaigun.

Gero, musikarien aulkietan eserita, entseguen nondik norakoak nahiz instrumentuen inguruko bitxikeriak kontatu zizkigun Muñozek. Gure galdera guztiei ere erantzun zien zuzendariak eta jakin-mina aseta atera ginen egoitzatik.

Oso bisita aberasgarria izan zen; asko gustatu zitzaigun Azkoitiko Musika Banda "barrutik" ezagutu ahal izatea.

Eskerrik asko, Carlos!

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide