Azkoitiko AEK-ko kideak herriko kaleetan zehar ibili ziren atzo, asteartea. Euskaltegiak aurtengo ikasturtean duen eskaintzaren berri emateko atera ziren kalera. Urtero bezala, ohiko euskalduntze taldeak eta maila egiaztatzekoak eskaintzen ditu Azkoitiko AEK-k. AISA (etorkinentzako taldeak), A1, A2, B1, B2 eta C1 eta alfabetatze taldeak. Aurten, berrikuntza moduan, C2 egiaztatzeko aurrez aurreko taldea izango da.
Bestalde, euskara praktikatu nahi baduzu, baina ez badaukazu norekin egin, edo euskalduna izanda euskararen bidea egiten ari direnen bidelagun izan nahi baduzu, Mintzalagun egitasmoan parte hartzera animatu nahi zaitu Azkoitiko AEK-k. Partaideak binaka, hirunaka… edo talde txikietan batzen dira; horiek osatzeko, kontuan hartzen ditugu parte hartzaileen denbora aukera, adina eta zaletasunak. Parte hartzaileek erabakitzen dute, gainera, non eta noiz bildu, beti lagun giroan.