Izan ginen, bagara, izango gara

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Arruti Rezabal

Maxixatzen elkartearen 30. urteurreneko materiala. (Ihintza Elustondo)

Aitor Arruti kolaboratzaileak uztaileko Azkoitia Guka aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honako hau: 'Izan ginen, bagara, izango gara'.

Galderen gurpilean doakigu bizitza, jakingo badugu galdetu egin behar, ez dago filosofoa izan beharrik horretaz konturatzeko. "Nor gara gu, zer gara gu?", galdetu izan diogu geure buruari Beti eskamak kentzen kantatzean, hitzetan batere pentsatzeke. Kantuak euskotarrak garela badio ere, euskalduna naizela esatea nahiago dut nik. 

Euskaldun artean, udaberrian sartuta ospatu genuen Maxixatzeneko kide, bazkide eta babesleok 30. urteurreneko eguna. Ospakizuneko ekitaldian musikak artea txirikordatu zion hitzari, izan garenari, orain garenari, izan nahi dugunari. Belaunaldi batek hurrengoari doinua, ahotsa eta soina eman zion jendaurrean, euskara biziaren ordezkari batak besteari, aldi berean guztiei.

Irmo leitu zuen Maxixatzeneko lehendakari Leire Lizarraldek elkartearen etorkizunerako manifestua, bertaratuei haren alde sinatzeko aukera proposatu baino lehentxeago. Honako hauexek dira manifestuan jaso genituen hitzak:

"Azken hogeita hamar urte hauetan, aurrerabidearen zoroak bizi izan gaitu, eta, aurki, hara miraria, batere pentsatu beharrik gabe bizi ahal izango dugu. Gailu teknologikoek esango digute nor izan ginen, nor garen, nor izango garen. Guk baino mila bider memoria ahaltsuagoa duten makinek gobernatuko dizkigute pausoak, musuak, taupadak, baldin eta aurrerabide ustezkoari obeditzen badiogu.

Estimatuko dizugu Maxixatzenen aterpe zabalera biltzeko pausoa

Lehenago ere, aurrerabide horri obeditu izan bagenio, orain ez ginateke euskaraz arituko. Tokiko hizkuntzari eusten asmatu dugu euskaldunok, baita azkoitiarrok ere. Egia osteko garai hauek iritsi arte, gezurra ez da kaltekoa izan beti. Gezurrak balio izan digu hizketarako, jolasa zorrozteko, minak leuntzeko, beldurrak uxatzeko, elkar pizteko, bizitza edertzeko. Badira, noski, kalteko gezurrak ere, eta edonon dabiltza gaur. Biziaren jolasari eusteko, hesiak altxatu beharko dizkiegu hiltzeko gezurrei. Egiaz egia, galduko ez den memoria bat eraiki dezakegu, elkar hartzearen kemenez, kalteko asmoz datorkigunari aurre eginez; euskararen alde bai, euskararen aurka ez. Gure historiak kontatuko ditugu plazan, bakoitzak berea, etxean etxekoa, herrian herrikoa, nork bere hizkuntzan, eta guk geurean, euskaraz. 

Memoria nagitzen utzi gabe, jarrai dezagun maxixatzen, gezur osterako prest, beste hogeita hamar urtez behintzat!".

Beharbada, zuk ere sinatuko zenukeen manifestua da. Hala bada, estimatuko dizugu Maxixatzenen aterpe zabalera biltzeko pausoa, zeuk nahi duzun eran gurekin batera jardutekoa; eragile moduan baldin bada, hainbat hobe. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide