Egoskor ederrak omen gara euskaldunok. Esan izan digute harri jasotzeko hobeak garela gu maitatzeko baino, sexu-jolasa gutxiegi praktikatzen dugula guk, hala bota digu behin eta berriz hainbat jakintsu ustekok, esan orduko bere neurosiak agerian utzi dituela konturatu gabe. Eta gutako askok sinetsi egin ditu gure nagusi sentitzen direnen konplexuz betetako mezu zital horiek.
Euskarak ez omen du eguneroko bizitzarako balio. Agintari batek orain dela berrogeita hamar urte inguru esan zuen gure hizkuntzak ez duela fisika nuklearra azaltzeko balio. Lasai asko esan zuen gainera, ez fisika nuklearrik ez euskararik jakin gabe, eta gutako askok presidente dotoreari sinetsi zion, otzan, autoritatez jantzita azaldu zelako bakarrik.
Bi euskaldun dauden lekuan, berehala pizten omen da liskarra. Hori kontuan hartuta, gure hobe beharrez noski, hiru milioi lagunera iristen ez den euskotarren herria hiru administraziotan banatu digute. Eta gutako askok uste du herrialde propioa izanda baino hobeto gaudela horrela, badaezpada ere.
Etxean euskararen hauspoari eragin ezean, umeek nekez hartuko dute arnasa euskal airean
Aurrera doan herria omen da gurea. Gero eta ume gehiago entzuten ditut kalean erdaraz hitz egiten. Disney, Netflix eta osterantzekoak euskaraz izateko sinadurak biltzea komeniko da berriz ere, baina etxean euskararen hauspoari eragin ezean, umeek nekez hartuko dute arnas euskal airean, eta beste hauspo batzuk izango dituzte bizigai.
Esanak esan, euskaldunok asmatu ere egin dugu hainbat kontutan, geure egoskorrean. Edozertarako balio duen hizkuntza bat maitatzea zer den erakutsi diogu ikasi nahi duenari, gutako asko horretan bat izanez, etorriak etorri, joanak joan, nahiz eta atzerantz eginda aurreratu sarri, arraunean bezala, nola kostaldeko euskaldunak, hala lehorrekoak.
Hemen hauetako jendeak hizkuntzari dagozkion kontuetan errazera jo izan baldin balu, orain irakurtzen ari zaren hitz hauek ez zenituen euskaraz leituko, herriko hizkuntzan, herriko hedabidean.
Hobe bai gauzak alde erantzira egiten jarraituko bagenu, geure burua maite dugun egoskor ederrak izanez.