Aspaldietan aspaldiko garaietatik hara eta hona joan-etorrian gabiltza bizileku hobearen bila, bai gizakiok eta bai animalia ugari ere. Migratzaile izaera hori bereziki txertatuta dute, esate baterako, hainbat hegazti espeziek. Udazkenean zerura begira hastea nahikoa da horretaz konturatzeko; era askotako hegalariak ikusiko ditugu leku epelagoen bila osatzen duten pasean.
Bereziki deigarriak dira antzarek eratzen dituzten gezi formako hegaldi multzoak. Umetan esan zigutenez, V forma hori egokia da taldeak airean sarbide errazagoa izan dezan. Ahaleginik handiena aurreko puntan doanak egiten duenez, postu hori txandaka betetzen dute. Ez dira isilik joaten, karrankaz baizik; elkarri adorea emateko egiten omen dute. Taldeko norbait jarraitu ezinik geratzen bada, multzoko batzuk harekin gelditzen dira, bere onera etorri arte edo, okerrenean, hil arte. Eguraldi txarraren iragarletzat hartu ohi ditugu antzarak, baina gure jokabidea aztertzeko ere balio dezake haien hegaldietan pentsatzeak.
Guztiz bestelako jokabidea dute, itxura batean, arabazozoek, multzo handietan dabiltzanean: taldeko aurrekoak nora, beste ehunka hara, etengabe saldo ugariaren itxura aldatuz. Begiratu batera jarraitzaile hutsaren portaera ematen duen horrek, ordea, badu bere zalapartaren arrazoia nonbait, elkarren babesak hegazti harrapariak uxatzeko balio baitie. Dena dela, jolasean dabiltzala esan liteke, halako alaitasun laineza osasungarria eragin dezake aldi batean haiei begira egoteak, zer esanik ez multzoan ibiltzea komeni ez zaigun garai pandemiko triste hauetan.
Migratzaile horiei begira pentsatzen aritu eta gero, beharbada ikasitakoa balia dezakegu, geure burua hobetzeko, aldatuz, gure ohiko jokabidea alboratuz, beste portaera batera migratuz nolabait. Gizaki migratzaileekiko dugun ikuspegia alda dezakegu akaso, etorkinen odisea bakoitzaren arrazoiak ulertzeko gogoa erneko zaigu agian, geure barrura begira jarri eta alderdi deserosoak miatzeari ekingo diogu apika.
Migrazio kontuak hizkuntza arlora ekarrita, euskaraz aritzera datozen lagun guztiek merezi dute ongi etorria, gainerako migratzaileek bezalaxe. Euskararen migratzaile denak jasoko dituzten ariguneak eraiki ditzakegu, babestuak, aldarte onekoak, txapak gora behera, guztiok euskara gehiago, gehiagorekin, gehiagotan erabili ahal izateko, izan antzar, arabazozo edo hegorik gabeko hegalari.