Zuk zeure kolkorako pentsatuko ez bazenu adina eta gehiago.
Baina, hala eta guztiz ere, joan egin zara filma ikustera, aldez aurretik zintzo asko sagako beste sei pelikulak ikusita: zaharrenak gustura, berriagoak ez. Eta, filma berriak lehengoen erreferentzia gehiegitxo bota dizkizun arren, abenturazko ikuskizun ederra iruditu zaizu. Areago, gure umeen zoramenaren ispiluan.
Hortaz gain, zazpi urteko ume batekin etxeko lan pedagogikoak egiteko erreferente sinboliko egokiak aurkitu dituzu film berrian, geure buruaren osasunaren mesede, zaharrenetan bezainbat:
-Bizitzak badu Alde Argitsua eta baita Alde Iluna ere, eta biak zure barruan dauzkazu. Alde Argitsuaren aldeko aldarria da Star Wars.
-Zuregan bada indar bat, erabil dezakezuna; kontrolatzen ikasi behar. Horretarako, utzi presak eta estutasunak; zeure baitara egin beharreko bidaia da.
-Indarra zeure burua defendatzeko bakarrik erabil dezakezu, ez zure grinak asetzeko; bestela, zeure bakea eta ingurukoena hautsiko dituzu.
-Neskak mutilak bezain kementsu, indartsu, bizkor, buruargi eta sentiberak izan daitezke, edo are gehiago.
-Hil egiten gara, bai, baina maite gaituztenengan bizirik jarrai dezakegu, eta nolabait haiekin mezuak trukatzen segi.
-Politika ulertzen hasteko klabeak: bakarrak askori agintzea baino, hobe askok bakarrari agintzea.
Bestalde, etxean neska edo mutil koxkor pelikula-zalearekin ikusi beharko zenituen beste hainbat film, marrazki bizidun eta saio ere; Pixels filma, besteak beste. Eta batek baino gehiagok esango zizun, nolako ikusgarria, bizia, jostagarria eta yankia den.
Hori bezalako filmak ikusita, zazpi urteko ume batekin desintoxikazio lanak egin beharko dituzu, etxeko osasunaren alde bada ere:
-Bizitzak bakoitza bere lekuan jar dezan, ez da nahikoa beti ume izaten jarraitzea; kontsumoaren esklabo izan nahi ez baduzu, zeure burua lantzea komeni da.
-Zure ahalmenak kontrolik gabe erabiltzea ez da kontua; hori ez da pozik bizitzeko formula, negar egitekoa baizik.
-Neskak ez dira mundura jaio mutilen nahiak bideratu eta betetzeko.
-Ez gara hilezkorrak; maite ez dugun jendea hil egiten da, bai, baina baita maite duguna ere.
-Txapelduna izateak bakarrik ez du balio; lehiarik gabe ere bizi gaitezke, eta ondo gainera.
-Bistan denez, Amerika Estatu Batuak ez dira munduan dagoen bizilekurik onena.
Eta lan horiek bideratzen hasita, segi egin behar film, marrazki bizidun, telesaio, iragarki, kantu, bideoklip, kartel, panfleto eta abarreko mezuak eraiki eta deseraikitzen. Umeen eta ez hain umeen osasunaren alde.
Aitor Arruti Rezabal