Euskararen Nazioarteko Eguna dugu gaur, eta fisikan bezalaxe hizkuntzen artean ere badirudi mintzaira batzuk finkoak direla, beti izan direla nagusi eta etengabeko hegemonia dutela gure euskara bezalako hizkuntza txikien aurrean. Hori ere erlatiboa da, ordea.
Gure espazioan eta denboran dugu aukera egiaztatzeko atsegin ez ditugun finkotasunak irauli ditzakegula. Gaur bertan has gaitezke, gure herrian, oraintxe bertan, ehun urte barru ere hizkuntzen altxorra gordetzea egokia izan zela berretsi dezaten.
EUSKARAREN EGUNEKO MANIFESTUA
(segidilla doinuan abestua)
Hogei urte ia badira
gazte batzuen distira
hasi zela indar hartzen
sortu zuten Maxixatzen
egiteko euskaraz
normal eta ganoraz
zenbat kontu harrez gero
hotz, fresko, epel ta bero,
ezin bazkiderik gabe
bidelagun ta zutabe
orain behar gehiago
zortzirehun bat nahiago
euskararentzat aldarri
gogo, arnas ta eztarri
Maxixatzenen herriak
hitzak ditu aberriak
barrenetik kanpora
idatzitik ahora
mundua aberasteko
zazpi egunez asteko
euskaraz jarrai dezagun
Maxixatzen dugu lagun
izan zaitezke bazkide
euskararen adiskide
behar badiogu ekin
hobeto elkarrekin.
Aitor Arruti Rezabal