Anaitasuna Kakute xake taldeko Josue Goenagak atzo garaipena eskuratu zuen, eta hori hala, bizirik eusten dio Gipuzkoako Hirugarren Mailako Txapelketako hiru onenen artean sartzeko aukerari. Azpeitian jokatuko dute azken jardunaldiko lehia, eta han garaipena lortuko balu, Gipuzkoako Bigarren Mailara igotzeko aukerak izango lituzke.
Horretarako, Victor Draushchak sailkapeneko buruari irabazi beharko dio Goenagak. Gaur-gaurkoz, Alex Francok baino puntu erdi gehiago du Draushchakek, nahiz eta Francok Santi Osio azkoitiarrarekin neurtu beharko dituen indarrak. Hori hala, Goenagak bere partida irabazi beharko du aurrena, eta gero, arerio zuzenenek kale egiteko itxaron.
Bestalde, Alaitz Hidalgok irabazi egin zion atzo Eki Unamunori. Aboyren aurka jokatuko du Hidalgok hurrengo xake partida, baina dagoeneko Anaitasuna Kakuteko kideak ez du mailaz igotzeko aukerarik. Dena den, txapelketa ona osatu du azkoitiarrak, eta agerian utzi du bere maila. Ian Machiok, berriz, Unanueren aurka jokatuko du azken jardunaldian, eta Ekik atseden hartuko du.

Sanandresetako txapelketa
Azaroaren 28an, larunbatez, Gurea pilotalekuan jokatuko den 31. San Andres Xake Txapelketa ere itxura oso ona ari da hartzen. Oraingoz, 94 xake jokalarik eman dute izena, baina klubak espero du azken asteetan izen ematea areagotu egingo dela.
Izena eman duten parte hartzaileen artean daude, besteak beste, Becerra eta Ros Fide maisuak eta nazioarteko maila duten 85 jokalari. 10:00etan hasiko da txapelketa, eta parte hartzaileek hiru minutuko bederatzi txanda jokatu beharko dituzte, jokaldi bakoitzeko bi segundo gehiago gehitzeko aukerarekin.