Xake txapelketetan buru-belarri murgilduta dihardute Anaitasuna Kakutekoek

Erabiltzailearen aurpegia Anaitasuna-Kakute xake taldea

Anaitasunako xakelariak, Kultur Etxean. 

Gipuzkoako absolutuen banakako eta Azpeitiko Hirugarren Mailakoen zonaldeko txapelketen bigarren jardunaldiko xake partidak jokatu dituzte asteburuan Anaitasuna Kakute taldekoek. 

Anaitasuna Kakute xake taldekoek Gipuzkoako absolutuen banakako txapelketaren bigarren jardunaldiko partidak jokatu dituzte asteburuan, eta honako hauek izan dira emaitzak: Rodriguez 0-1 Muñoz; Arana 1-0 Gonzalez, Gomez 0-1 Garcia, Barros 1-0 Bernier eta Sierra 1-0 Ruiz. Alberdik eta Beorlegik, berriz, atseden hartu zuten. 

Lehen bi jardunaldien ondoren, Muñoz, Arana eta Garcia dira sailkapenaren buruan, bi punturekin. Hirukote horren atzetik, berriz, honela dago kontua: Alberdi, Gonzalez, Rodriguez, Sierra eta Barrios daude, puntu batekin; Gomez eta Bernier, 0,5 punturekin eta Ruiz zein Beorlegi, punturik gabe. 

Guztira, bost jardunaldi jokatuko dituzte Gipuzkoako absolutuen banakako txapelketaren barruan, eta hurrengoa Eibarren jokatuko dute. Honako lehia hauek jokatuko dituzte: Garcia-Arana, Muñoz-Barros, Alberdi-Rodriguez, Gonzalez-Sierra, Bernier-Beorlegi eta Ruiz-Gomez.

Hirugarren mailakoek galdu

Bestalde, Azpeitiko Hirugarren Mailakoen zonaldeko txapelketan, Alaitzek, Ianek eta Ekik galdu egin zuen. Josueri eta Santiri esker bildu zituen Anaitasuna Kakute xake taldeak puntuak; Josuek berdindu egin zuen eta Santik irabazi, azken horrek federatu gisa jokatu zuen lehen partidan. Hirugarren jardunaldia datorren asteburuan jokatuko dute Hirugarren Mailakoek ere, eta honako hauek izango dira partidak: Alaitz-Santi, Ian-Palawo eta Eki-Villacis. Josuek ez du jokatuko datorren asteburuan. 

Azaroan, bi txapelketa

Anaitasuna Kakute xake taldeak bi txapelketa prestatu ditu azaroaren 8rako. Azkoitiko Kultur Etxean jokatuko dituzte emakumeen eta beteranoen txapelketa. Orain arte, asteburu banatan jokatu izan dira bi txapelketa horiek, baina, aurten, parte hartzaileek ez dute bestelako lehiarik egun horretan, eta zuzendaritzak bi probak azaroaren 8an jokatzea erabaki du. 

Horrekin batera, 31. San Andres Txapelketa prestatzen ere ari da herriko xake taldea. Gurea pilotalekuan jokatuko dute aurten proba hori, azaroaren 28an, 10:00etan hasita. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide