Espainiako Gorteetarako hauteskundeak azaroak 29an izango dira, eta Azkoitian hauteslekuetako bat Elkargunean izango denez, 31. San Andres xake txapelketa lekuz aldatu behar izan du Anaitasuna Kakute klubak. Hain zuzen, Gurea frontoira (Aingeru kalea 4) lekualdatu dute antolatzaileek txapelketaren kokalekua.
Azpimarratzekoa da, Anaitasuna Kakute xake taldeak dagoeneko hainbat txapelketa antolatu dituela Gurea frontoian, 120 xakelari baino gehiagorekin. Horrenbestez, klubak dagoeneko hartu dio neurria espazio horri. Gureak, gainera, hainbat abantaila eskaintzen ditu; besteak beste, jokalari askorentzat lekua du, jokalari guztiak leku berean egongo dira, taberna ondoan dago, harmailak ditu, soinu eta argi instalazio onak ere bai, eta oso irisgarria da. Gainera, ondoan doako aparkalekuak ditu. Elgoibarreko norabidean, herriaren sarreran dagoen biribilgunea gertu du frontoiak, norabide guztietara zein autobidera joateko. Era berean, Gureako lantaldeari, udalaren brigadari eta talde antolatzaileari esker, xakearen egun handi bat ospatuko dugu beste urte batez, zailtasunei aurre eginez.
Egoeraren aurrean, bestalde, zera adierazi du zuzendaritzak: "Ustekabeko bira honek kolokan jarri du txapelketa hainbat egunez, baina lan ona eginez eta ulermenari zein gogoari esker, zailtasunei aurre egitea lortuko dugu. Orain dugun erronka da kokaleku berria ezagutaraztea, modu horretara nahasmenak saihestu ditzagun, jokalariek dagoeneko ondo barneratuta baitute betiko lokalizazioa. Orbela tabernarentzat ere galera handia izango da, 200 lagunen asistentzia galdu baitu. Orain, lan handia egitea dagokigu, denbora gutxirekin, baina bazkideak eta laguntzaileak ondoan izango ditugu".