Azkoitiko Anaitasuna Kakute xake taldeak Gipuzkoako txapelketei ekin die asteburuan. Zapatuan hasi eta datozen asteetan, Gipuzkoako banakako txapelketak jokatuko dituzte herriko xakelariek, hainbat mailatan banatuta. Batetik, absolutuen mailako partidak izan dituzte herriko xake jokalariek, alegia Azkoitiko, Eibarko eta Elgoibarko klubek batera antolatutako probakoak. Bestetik, Hirugarren Mailakoek Azpeitian izan dute hitzordua.
Absolutuen mailan, hamabi lagunek eman dute izena. Anaitasuna Kakutek azaldu duenez, "espero baino jende gutxiagok" eman du izena lehia horretarako. Hiru herri horietako klubek xakea zonaldean sustatzeko asmoz antolatu dute absolutuen mailako txapelketa, baita kilometro luzeko bidaiak saihesteko asmoz ere. Parte hartzaile gutxien izango dituen proba izango da zonaldeko absolutuen mailako txapelketa, baina Euskadiko absolutuen mailako txapelketarako sailkapena eta diruz emandako sariak eskainiko ditu.
Honako hauek izan dira lehen jardunaldiko emaitzak:
- I. Muñoz 1-0 P. Sierra
- X. Beorlegi 0-1 J. Arana
- J. Vernier-M. Gómez (berdinketa)
- X. Ruiz 0-1 A. Rodriguez
- I. Garcia 1-0 E. Alberdi
- A. Gonzalez (atsedena)
- D. Barros (aurkaririk gabe)
Absolutuen mailako bigarren jardunaldia urriaren 17an jokatuko dute, Azkoitian. Honako lehia hauek jokatuko dituzte: Rodriguez-Muñoz, Arana-Gonzalez eta Gomez-Garcia.
Hirugarren Mailakoak, martxan
Bestalde, Hirugarren Mailako zonaldeko partidak Azpeitian jokatu zituzten. Hamasei lagunek parte hartu zuten han jokatutako lehian, tartean Anaitasuna Kakute xake taldeko bostek. Alaitz Hidalgok irabazi egin zuen bere partida, baina Eki Unamunok eta Santi Osiok galdu. Ianek eta Josuek, berriz, atsedeneko asteburua izan zuten.
Bigarren jardunaldian honako partida hauek izango dira: Franco-Oregi, Rodriguez-Unanue, Drahushchak-Alaitz, Palawo-Josue Goenaga, Villacis-Jauregi, Iriondo-Santi, Solorzano-Ian Arellano eta Gallastegi-Eki.