Igaro berri den asteburuan ez dute aspertzeko betarik izan Anaitasuna Kakute xake taldeko kideek. Azpeitian ekin zioten lehiari, hango Xaputarrak klubak antolatuta jokatu zuten taldekako txapelketa azkarrean. Santurtzik irabazi zuen txapelketa, Beasaingo Alfil taldeak baino puntuazio hobea lortu zuelako berdinketa hausteko. Hirugarren Gros sailkatu zen puntu eta erdira. Anaitasuna, berriz, seigarren sailkatu zen, hamabi puntura; J. L. Larrañagak, J. C. Valorrek, A. Alzasek, Y. Plazaolak eta A. Hidalgok osatu zuten Azkoitiko taldea. Azpeitiko klubak, gainera, klubaren zuzendaritza utzi duen Iñaki Uranga omendu zuen.
Hondarribian, berriz, hango jaietako txapelketa jokatu zuten, helduena eta haurrena. 16 urtez azpiko lehian, A multzoan, aritu ziren Anaitasunako Ian Arellano eta Eki Unamuno; bi xakelari horiek ez zuten beren txapelketarik onena gauzatu. B multzoan, berriz, Luken Pascualek parte hartu zuen, eta hura bigarren sailkatu zen, beste bi lagunekin batera lau puntutan berdinduta. C multzoan, azkenik, Bera Pascual eta Santi Osio aritu ziren, eta hirugarren eta seigarren sailkatu ziren, hurrenez hurren.
Atzo, bestalde, Miranda Ebroko (Espainia) txapelketan izan ziren Luken eta Bera Pascual; Burgosko zirkuituaren barruko lehia izan zuten anai-arrebek atzo. Luken 11. postuan sailkatu zen bost punturekin, eta 57. postuan Bera, bi punturekin. Zirkuitua osatuta, sailkapen orokorreko bosgarren postuan amaitu du txapelketa Lukenek.
Gipuzkoako Txapelketa, Azkoitian
Era berean, Anaitasuna Kakute taldeak jakinarazi nahi du absolutuen mailako Gipuzkoako Banakako Txapelketa Azkoitiak, Eibarrek eta Elgoibarrek osatutako hautagaitzaren egoitzan jokatuko dela. Txapelketa urriaren 3an hasiko da Azkoitian, eta bigarren kanporaketa urriaren 17an izango da, biak Azkoitiko Kultur Etxean. Laster zabalduko dute txapelketarako izen ematea.