Blitz Anaitasuna Kakute xake txapelketa jokatuko dute igandean

Erabiltzailearen aurpegia Anaitasuna-Kakute xake taldea 2026ko uztailaren 20a

Anaitasuna Kakuteren taldea, asteburuan Zornotzan jokatu den txapelketan. (Anaitasuna Kakute)

Kultur Etxean 24 xakelari lehiatuko dira igandean, eta partida azkarren txapelketarekin itxiko du klubak txapelketen aldia, azarora arte. 

Datorren igandean, hilaren 26an, XXX. Blitz Anaitasuna Kakute txapelketa jokatuko dute Kultur Etxean, eta 24 xakelarik parte hartuko dute bertan. Blitz erako partidetan, jokalariek bost minutu baino gutxiagoko tartea izan ohi dute jokaldietan, eta Azkoitiko txapelketan, jokaldi bakoitza hiru minutu eta bi segundokoa izango da. Guztira, zazpi partida jokatuko dituzte parte hartzaileek. 

Txapelketa horrekin zein bazkideen ondorengo bilerarekin amaituko dira azken hilabeteetako lehiak, eta herrian behintzat, ez dute izango jarduerarik abuztuan. Dena den, elkarteko jokalariek beren opor lekuetatik jarraituko dute ekitaldietan parte hartzen, eta zuzendaritzak administrazio zein antolaketa lanekin segituko du. Ildo horretan, lanean ari da datorren azaroaren 28an Elkargunean jokatuko den San Andres xake txapelketa antolatzeko; 189 jokalari izango ditu lehia horrek gehienez.
 
Bestalde, Zornotzako Agustin Zamakona txapelketan (Bizkaia) parte hartu zuen Jose Joaquin Larrañagak, Xabier Ruizek, Izaro Arriolak eta Erlantz Caballerok osatutako Azkoitiko taldeak. Guztira, 17 taldek parte hartu zuten, eta horiek 16 kanporaketa nekagarri jokatu zituzten. Oso ondo antolatutako txapelketa izan zen, eta Abadiño, Gros eta Alfil taldeek irabazi zuten.  Azkoitiak ezin izan zuen bere emaitzarik onena lortu, baina oso ondo etorri zen taldea egiteko eta etorkizuneko ekitaldietarako entrenatzeko. 
 
Merezitako atsedena hartzeko eta urtean zehar sortu diren ideia on guztiak biltzeko unea da orain. Era berean, balantzea egin eta, berriro ere, bazkideak, neska-mutilak, gurasoak, arbitroak, monitoreak eta laguntzaileak zoriondu nahi ditu Anaitasuna Kakutek, klubaren balioetan oinarrituta, nabarmen egin baitute lan. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide