Asteburu betea

Erabiltzailearen aurpegia Anaitasuna-Kakute xake taldea 2026ko ekainaren 8a

Anaitasuna xake taldeko kideek txapelketa ugaritan parte hartu duten joan den asteburuan, eta askotariko emaitzak eskuratu dituzte. 

Joan den asteburua bezalako gutxi izango dute xake jokalariek, oso betea izan baitute. Hasteko, Azpeitiko Sanjuandegi auzoko festetan, Mantangorri torneoa jokatu zuten larunbatean xakelariek, bi kategoriatan. Batetik, seniorretan Aitor Bravo nagusitu zen, eta haren atzetik sailkatu zen Juan Carlos Valor. Jose Joakin Larrañaga, berriz, seigarren sailkatu zen, eta Alaitz Hidalgo 15. postuan. Bestetik, 12 urtez azpiko kategorian Julen Larrañagak irabazi zuen, Anaitasunako Luken Pascualen aurretik, eta zazpigarren postuan, berriz, Bera Pascual sailkatu zen; biak ala biak ari dira maila hobetzen txapelketek aurrera egin ahala. 

Billabonan, berriz, XIII, Behar Zana txapelketa jokatu zuten 48 jokalarik, eta Oier Sarasketa izan zen garaile. Juan Cruz Fernandez 32. postuan sailkatu zen bost punturekin, eta Erik Fernandez, berriz, 43. postuan, 3,5 punturekin. Giro zein antolakuntza ona nagusitu ziren. 

Aldi berean, Alex Alzas Zaragozan lehiatu zen II. Calle Delicias torneoan. 86 xakelarik parte hartu zuten, horietako batzuk nazioarteko tituludunak. Azkoitiko San Andres txapelketako parte hartzaile izandako David Lana Fide maisuak irabazi zuen, eta Alzasek 16. postuan amaitu zuen, 5 puntu batuta eta lan oso ona eginda. 

Asteburuko egitasmorik garrantzitsuena, ordea, emakumezkoen maila absolutuen Euskadiko Txapelketa izan da, Maeztun (Araba) jokatu dena. Leire Menoyo bizkaitarra nagusitu da   4,5 punturekin, eta Ane Arriola azkoitiarra 12. postuan sailkatu da, 2,5 punturekin. Bere ahizpa Izarok ez zuen txapelketa ona egin, eta 19. sailkatu zen, puntu bakarra lortuta. 

Bestaldetik, egun gutxi besterik ez da falta Azkoitian Sustapena xake txapelketa jokatzeko. Dagoeneko 159 lagunek eman dute izena, eta leku bakar baten faltan, gure xakea sustatzeko festa izango da igandekoa. Erakunde kolaboratzaileak eskertu nahi ditugu: Azkoitiko Udala, Danobat, Sidenor, Soraluce, Rural Kutxa, Plaza Berri Sport, Graphic´s eta nola ez, Gros xake taldea eta Anaitasuna-Kakute.

 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide