Anaitasuna Kakute eta Gros xake taldeek ekainaren 14rako antolatu duten Azkoitia GXF Sustapenaren izen ematea ixteko aste eta erdi falta direnean, parte hartzea arrakastatsua ari da izaten. Hasiera batean, antolakuntza taldeak 150 jokalariko edukiera ezarri zuen adinaren arabera banatuta jokatuko dituzten hiru kategoriatarako, eta azken egunetan hamar jokalari gehiagorentzako lekua egokitu da; horrenbestez, guztira 160 parte hartzailerentzako edukiera izango du txapelketak. Gaur-gaurkoz, 13 xakelarirentzako lekua geratzen da, eta datozen orduetan betetzea espero dugu.
Momentuz izena emana duten 147 jokalarietatik hiru arabarrak dira, 21 bizkaitarrak, bi nafarrak eta 121 gipuzkoarrak; horietatik 92, berriz, nazioarteko federatuak dira. Aipatzekoak dira Garigorta, Rodriguez eta Tafall 20 urtez azpikoen mailan; Soto, Lin eta Gonzalez, 14 urtez azpikoetan; eta Rodriguez, Used eta Garcia 12 urtez azpikoetan, guztiak nazioarteko puntuazio nahiko errespetagarriarekin. Bestalde, harrigarria da soilik 15 emakumek eman dutela izena, interes eta maila gero eta aurreratuagoa duten honetan.
Azkoitiarren artean, berriz, Anaitasuna Kakute xake eskolako kide guztiek parte hartuko dute. I. Arriola, X. Garate, L. Valor, A. Arriola, A. Hidalgo, D. Valor, I. Arellano, E. Garcia, K. Jia, S. Roque, B. Pascual, L. Pascual, E. Unamuno, E. Arellano eta E. Fernandez. M. Arriolak eta B.Morenok, berriz, ezin izango dute bertan izan.
Bestalde, klubeko bazkideak, gurasoak eta laguntzaileak txapelketa muntatzen eta antolatzen arituko dira, parte hartzen duten gazteei xakearen beste egun handi bat eskaini nahi zaielako.