Preferente Mailako taldeak maila galdu du

Erabiltzailearen aurpegia Anaitasuna-Kakute xake taldea 2026ko martxoaren 23a

Josue Goenagak garaipen ona lortu zuen.

Preferente Mailakoek bina berdindu zuten Eibarren, eta puntu eta erdira gelditu dira mailari eustetik. Bigarren Mailakoek, berriz, 3-1 galdu dute Zumaian.

Anaitasuna Kakute xake taldeko Preferente Mailako taldeak maila galdu du. Azken asteetan gerta zitekeela zirudiena, atzo baieztatu zen Eibarren (Gipuzkoa), CD Eibarren aurka 2-2 berdindu eta gero. Datorren sasoian Lehen Mailan arituko da klub horrenbestez.

Xabi Ruizek eta Juan Carlos Valorrek irabazi egin zuten. Hori hala, Anibal Fernandezen eta Jose Luis Larrañagaren artean aski zuten 1,5 puntu batzea mailari eusteko, baina haiek ez zuten punturik batu.

Urte oso gogorra izan da aurtengoa, taldeak ezintasunak izan ditu-eta jokalariak ordezkatzeko. Nolanahi ere, taldea 1,5 puntura gelditu da mailari eustetik. Guztira, 44 partida jokatu dituzte, eta askotan maila ona erakutsi duten B taldeko jokalariek parte hartu behar izan dute lehietan. Egoerari aurre egin eta 2027an mailaz igotzeko borrokatzea izan behar du orain helburuak. 

Bigarren Mailakoek ere galdu egin zuten Zumaian, hango KBI Zumaia taldekoen aurka (3-1). Xuban Garatek, Alaitz Hidalgok eta Eki Unamunok ezin izan zuten punturik batu, baina bai Josue Goenagak; puntu ona batu zuen Zumaiako beterano baten aurka.

Anibal Fernandez eta Gaizka Alberdi kapitainen lana aipagarria izan da. Orain, klubaren helburua da Ane Arriola eta Alaitz Hidalgo kadeteak Euskadiko Txapeleketara ahalik eta ondoen prestatuta iristea. Era berean, Mikel Arriolak eta Eki Unamunok etorkizuneko jokalarien Euskadiko Txapelketan parte hartuko dute.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide