Begiraleen lan onak, eta batez ere, klubeko jokalari gazteen gogoak eta grinak bultzatuta, poz handia izan du Anaitasuna Kakute xake klubak asteburuan. Zapatuan Astigarragan (Gipuzkoa) jokatutako Gipuzkoako benjaminen banakako topaketan, Luken Pascual txapeldunorde izendatu dute, txapelketa ezin hobea egin eta gero. Bera Pascualek, berriz, bederatzigarren postuan amaitu zuen. Ordea, sailkapeneko goiko postuetan izan zen txapelketaren hasieran, jokatutako bost lehiak irabazi baitzituen hark; azkenean, azken biak galdu egin zituen
Igandean, berriz, taldekako probak jokatu zituzten, eta Pascual anai-arrebek Oñatiko (Gipuzkoa) beste bi lagunekin osatu zuten taldea. Bikain aritu zen laukotea, txapelketa irabazi zuten eta. Nabarmentzekoa da, gainera, Bera Pascualek taldeari egindako ekarpena, hark jokatu zituen zazpi partidak irabazi zituen eta.
Haurren mailako eskolarteko Gipuzkoako Txapelketa ere jokatu zuten asteburuan, eta Anaitasuna Kakuteko Mikel Arriolaren taldea hirugarren sailkatu zen. Eibarko hiru lagunekin eta Azpeitiko beste batekin osatu zuen hark taldea.
Ligan, kale
Taldekako Gipuzkoako Ligako demak ere izan dituzte asteburuan Anaitasuna Kakutekoek. Emaitza pattalak bildu zituzten Azkoitiko xake jokalariek. Preferente Mailan, 1-3 galdu zuen taldeak Hondarribia-Marlaxkaren aurka. Xabi Ruiz, Ion Kuende eta Josu Plazaola taldekideek galdu egin zituzten beren lehiak, baina Xuban Garatek puntu garrantzitsua lortu zuen. Datorren astean, Eibarren arituko dira Anaitasuna Kakutekoak, eta Garatek bildutako puntu horri esker oraindik bizirik dirau taldeak. Azken jardunaldian Eibarkoei irabaztea eta beheko postuetan diren gainerako taldeen porroten zain egotea besterik ez zaie gelditzen Anaitasuna Kakutekoei.
Bigarren Mailako taldeak ere galdu egin zuen, baina talde horrek Gros I sailkapeneko liderraren aurka. 1,5-2,5 galdu zuen Anaitasuna Kakutek: Alaitz Hidalgok eskuratu zuen taldearentzako garaipena, eta Izaro Arriolak puntu erdia pilatu zuen bere dema berdinduta. Ane eta Mikel Arriola anai-arrebak, berriz, esku hutsik gelditu ziren. Datorren larunbatean KBI Zumaiaren aurka jokatuko dute Zumaian.