Jardunaldia beltza izan da Anaitasuna Kakute xake taldearentzat

Erabiltzailearen aurpegia Anaitasuna-Kakute xake taldea 2026ko martxoaren 2a

Bigarren mailako xake jokalariak, ezkerrean.

Bai Preferente mailakoek, bai bigarren mailakoek 0,5-3,5 emaitzarekin galdu dituzte asteburuan beren partidak. Preferente mailakoek Agustin Leiza taldekoen aurka jokatu dute, eta bigarren mailakoek, Astigarragakoen aurka. 

Beltza izan da Gipuzkoako taldekako xake ligaren zortzigarren jardunaldia Anaitasuna Kakuteko Preferente mailako kideentzat. Herenegun, zapatua, jokatu zuten partida haiek eta 0,5-3,5 galdu zuten Agustin Leiza taldekoen aurka. Anibal Fernandez saiatu zen garaipena lortu eta bere taldeari puntu bat ematen, baina, azkenean, berdindu egin zuen bere taulan. Aldiz, Jose Luis Larrañagak, Xabi Ruizek eta Josue Goenagak galdu egin zituzten beren lehiak.

Taldeak sailkapeneko azken postuan jarraitzen du, 9,5 punturekin. Datorren asteburuan, Zarautzen jokatuko dute Anaitasuna Kakutekoek, sailkapenean 12,5 puntu dituen taldearen aurka indarrak neurtzeko. 

Bigarren mailako taldeak ere emaitza berarekin galdu zuen Astigarragan. Izaro Arriolak berdindu egin zuen bere taulan, baina Alaitz Hidalgok, Ane Arriolak eta Mikel Arriolak galdu egin zuten. Denek jokatu zituzten partida onak, eta gogoz egin zuten borroka. Emaitzaz harago, Anaitasuna Kakuteko xake jokalariek apirilean Eibarren jokatuko duten Euskadiko Txapelketa prestatzeko hartu zuten atzoko hitzordua. Datorren asteburuan, Andoainen jokatuko dute bigarren mailako kideek. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide