Gipuzkoako taldekako xake ligaren zazpigarren jardunaldian gogotik egin behar izan zuten borroka Anaitasuna Kakute xake taldeko ordezkariek. Preferente mailan 1,5-2,5 galdu zuen Anaitasuna Kakutek Gros D taldearen aurka. Carlos Sanchezek irabazi egin zuen eta Gaizka Alberdik berdindu. Dena den, Anibal Fernandezek eta Jose Luis Larrañagak ezin izan zuten beren tauletan punturik batu, eta galdu egin zuten.
Taldea sailkapeneko azkena da 9 punturekin, eta aukera gutxi ditu mailari eusteko. Ordea, azkoitiarrek ez dute etsiko, eta azken unera arte egingo dute borroka. Datorren asteburuan Andoaingo (Gipuzkoa) Agustin Leiza taldearen aurka arituko dira; sailkapeneko zortzigarrenak dira Andoaingoak, eta mailari eusteko borrokan arerio zuzenak dira.
Bigarren mailakoek, berriz, mailari eustea lortu zuten, eta gainera, igoerako play-off postuengatik borrokatzeko aukera lortu dute. Hala, Gipuzkoako eta Euskadiko eskolarteko txapelketetan aritu diren gaztetxoek aukera izango dute partida horietan parte hartzeko.
Azkoitiko xakelariek 3-1 irabazi zioten Bergarari; Juan Carlos Valorrek, Xabi Ruizek eta Alex Alzasek irabazi zituzten beren partidak, eta Juan Cruz Fernandezek galdu. Sailkapeneko laugarren postuan amaitu dute lehen fasea, 15,5 puntu batu eta gero. Orain, aurkariaren zain dira Anaitasuna Kakuteko kideak.