Gipuzkoako taldekako xake ligaren seigarren jardunaldian Billabonakoen (Gipuzkoa) aurka aritu ziren Anaitasuna Kakute taldeko ordezkariak, bai Preferente mailakoak, bai Bigarren mailakoak. Preferente mailakoek Billabona B taldearen aurka jokatu zuten, eta 3-1 galdu zuten; Jose Luis eta Jose Joaquin Larrañagak berdindu egin zuten beren tauletan, eta Anibal Fernandezek eta Xabi Ruizek galdu. Preferente mailako taldeak zail izango du mailari eustea; izan ere, sailkapeneko azken postuan dago kokatuta. Ordea, jokalariek ez dute etsiko, eta mailari eusteko borroka egingo dute azkenera arte.
Azkoitiko Kultur Etxean jokatu zuten, bestalde, Bigarren mailakoek, Billabona C taldearen aurka. 1,5-2,5 irabazi zuen Anaitasunak. Gaizka Alberdik batu zuen taldearentzako puntua, eta Imanol Larrañagak, Ion Cuendek eta Xuban Garatek berdindu egin zuten. Bigarren mailako taldea laugarrena da sailkapenean, hirugarrenarekin eta bosgarrenarekin 12,5 puntutan berdinduta. Datorren asteburuan jokatuko dute taldekako xake ligaren multzokako faseko azken jardunaldia, eta Anaitasuna-Kakutek emaitza ona eskuratu beharko du Bergaren aurka jaitsierako play-offak ekiditeko.