Urteurrena eta emaitza onak

Erabiltzailearen aurpegia Anaitasuna-Kakute xake taldea 2026ko otsailaren 8a

Xuban Garate. (Anaitasuna)

Preferenteen mailan, Baionaren aurka bina berdindu du taldeak, eta sailkapeneko 11. postuan kokatu da. Bigarren mailakoek 3-1 irabazi zuen Legazpiko Santikutz taldearen aurka, eta laugarren postuan da.

Anaitasuna xake taldeak 47 urte bete zituen joan den astelehenean. Urte hauetan guztietan partida eta txapelketa ugari jokatu ditugu, baita antolatu ere. Oso harro sentitzen gara kirolaren eta batez ere xakearen balioak transmititu izanagatik gure neska-mutilei, Euskadiko klub maitatuenetako bat baikara. Horren isla da klub barruan nabari daitekeen giro ona, eta hori guztia balio horiei, laguntasunari, taldean lan egiteari eta, batez ere, modu globalean eta ez indibidualean pentsatzeari esker da. Kluba dagoeneko bere 50. urteurrenean pentsatzen ari da, baina oraindik pieza asko dago mugitzeko. Zorionak!

Hori guztia ospatzeko, zer hobe emaitza onak baino. Preferenteen mailan, Baionaren aurka bina berdindu genuen, Carlos Sanchezen garaipenarekin, J.L. Larrañaga eta J.C. Valorren berdinketekin eta Jorge Domingoren porrotarekin. Hobeto irten zitekeen, baina ezin izan zen. Taldea sailkapeneko 11. postuan da, baina oraindik badago denbora erreakzionatzeko. Horretarako, datorren astean Villabonara joango gara.

Bestalde, bigarren mailako taldeak 3-1 irabazi zuen Legazpiko Santikutz taldearen aurka, eta modu horretara, laugarren postuan kokatu da. Primerako denboraldia egiten ari diren Josue Goenagaren eta Xuban Garateren garaipenek eta Xabi Ruizen zein hobekuntza nabaria duen Alaitz Hidalgoren berdinketek osatu zuten partida. Haiek ere 50 urte dituen Villabona bisitatuko dute datorren artean. Bi klubek adiskidetasun ederra mantentzen dugu,  baina erlojuak martxan jartzen direnean, ezpatak altxatuta izango dira. Zorte on guztiei. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide