Nikolas Riestra zarauztarrak irabazi zuen atzo, igandea, Ramon Oñederra Kattu zenaren omenezko 41. xake txapelketa. Katturen senideek hala eskatuta, gaztetxoak izan ziren protagonista xake txapelketa enblematiko horren 41. aldian , beteranoenak bigarren mailan utziz. Txapelketa oso zirraragarria eta dibertigarria jokatu zuten parte hartzaileek; izan ere, gaztetxoek gauza berriak ikasteko eta gozatzeko probestu zuten txapelketa.
Riestrak jokatutako zazpi partidak irabazi zituen, eta hala zazpi puntu batu zituen. Zarauztarraren ondoren bigarren sailkatu zen Ibai Gallastegi arrasatearra, eta hirugarrena Mikel Saenz eibartarra izan zen, biak bost punturekin. Azkoitiko Anaitasuna Kakute xake taldeko ordezkarien artean, berriz, Erik Fernandez, Alaitz Hidalgo eta Luken Pascual izan ziren onenak; azkoitiarrek launa puntu batu zituzten. Guztira, hemezortzi xake jokalari gaztek parte hartu zuten atzoko lehian. Hain justu, xake jokalari horiek guztiak ari dira prestatzen urtarrilaren 25ean Azkoitian jokatuko den eskolarteko 2026ko Gipuzkoako Txapelketa.

Protagonistak haurrak izan ziren atzo, baina helduen arteko lehia ere jokatu zuten beste areto batean. Anaitasuna Kakute taldeko Jose Joaquin Larrañagak irabazi zuen txapelketa, Andoni Etxaberen eta Xabier Beorlegiren atzetik. Dena den, gazte mailako jokalarien garapenerako baliagarria izan zen atzoko hitzordua, helduen lehian parte hartu baitzuten Garate, Drauschak eta Txurruka gazteek.
Urtea amaitzeko, Anaitasuna Kakutekoek gaur, astelehena, Zumaian jokatuko dute hango xake txapelketa. Bihar, berriz, haurren mailako Azkoitia Hiria xake txapelketa jokatuko dute Azkoitiko Kultur Etxean, Anibal Fernandezek zuzenduta. Anaitasuna Kakuterentzat urte oso bizia eta gogobetegarria izan da kirol eta antolaketa arloan.
Orain, indarrak hartzea egokitzen zaie klubeko xake jokalariei, txapelketa asko baitituzte aurretik. 2026.urtea hastearekin bat abiatuko dute taldekako Gipuzkoako Liga; Anaitasuna Kakutek bi talde izango ditu lehian txapelketa horretan: bat, Preferente Mailan, eta bestea, Bigarren Mailan.
Urte berri ona opa die Anaitasuna Kakute taldeak azkoitiar guztiei.