Gipuzkoako Txapelketako hirugarren zonaldekoa amaitu ondoren, Anaitasuna Kakute xake taldeak XXX. San Andres txapelketan du arreta osoa jarrita. Azken hilabeteetan itzalean egindako lana argia ikustear da, eta horren erakusgarri izango da izena eman dutenen errekorra. Izena emateko epea ixteko astebete geratzen denean, dagoeneko 173 lagun inskribatu dira, eta horrenbestez, iazkoa baino jendetsuagoa izango da aurtengoa.
Hilaren 29an jokatuko dute txapelketa, Elkarguneko Herriko Plaza eta Oteiza aretoetan, 10:00etatik aurrera. Suitzako sistema bidez, bederatzi txandatan eta hiru minutu eta bi segundoko blitz abiaduran arituko dira jokaldi bakoitzeko.
Orain arte ez dago maisu handirik inskribatuta, beraz, Azpeitiko bizilagun eta Gros taldeko kide den Alejandro Franco da, oraingoz, faboritoa. Zerrendan dira, era berean, Patxi Moreno, Markel Vesga, Ibon Dominguez, Alex Odriozola edota Aritz Morante. Nazioarteko zortzi tituludunek parte hartuko dute, eta 27 jokalariak 2.000 puntu baino gehiago ditute Fide sailkapenean. "Duela urte batzuk, txapelketaren helburua izan ere Azkoitira jokalari onak ekartzea, gure kideek eurekin jokatu ahal izateko. Goi mailako jokalari asko dago, baina txapelketa hau ez dago soilik jokalari onenei zuzenduta, horregatik da hain ekitaldi parte-hartzailea, jokalari bakoitzak bere mailan saria lortzeko aukera asko dituelako. Lehen postuez gain, 20 urtez azpikoak, 16, 14, 2000 urtez azpiko ranking-tarteak, 1800 eta 1600, emakumezkoak, beteranoak, etxekoak eta emakumezkoak, federatu gabeak eta taldekakoak daude. Hori guztia zozketekin eta opariekin hornituta, txapelketa hau emozioen etengabeko tsunamia izan dadin erronda bakoitzean eta atsedenaldietan. Bazkideek lan handia egingo dute denak gustura egon daitezen aretoa prestatzen, eta Mikel Almansa buru duen arbitro taldeak asko lan egin beharko du guztia ondo atera dadin. Zifra errekorretan gaude, baina 2029an, klubaren 50. urteurrenaren urtean, pentsatzen hasi behar dugu, epe ertainean hori baita helburua".