Gipuzkoako Hirugarren Mailako Zona-Txapelketako azken jardunaldia jokatu zuten atzo Azkoitian, eta horrenbestez, jakinak dira datorren denboraldian bigarren mailan lehiatuko diren hiru xakelarien izenak: Jorge Domingo txapelketaren irabazlearekin batera, atzo haren aurka berdindu zuen Oier Gonzalez bigarren mailako jokalaria izango da, baita Juan Cruz Fernandez ere, azken partida irabazi baitzuen Xuban Garateren kontra.
Jorge Domingok pasa den asteko jardunaldian lortu zuen bigarren mailarako txartela, txapelketako lehen lau jardunaldiak irabazi zituen. Txapela lortu eta berehala, egindako jokoarekin gustura agertu zen Domingo.
Jorge, zorionak Gipuzkoako txapelketa irabazteagatik. Zutaz ezer gutxi genekin duela hilabete batzuk arte, baina orain Azkoitiko klubeko kidea zara. Madrildik zatoz, ezta?
Bai, Madrilgoa naiz, baina Gipuzkoan bizi naiz 2017tik.
Zein da zure lanbidea eta nondik datorkizu xakearekiko zaletasuna?
Eliteko kirolarien eta kirolari olinpikoen prestatzaile fisikoa naiz, eta entrenatzaileak nahiz osasungintzako langileak ere trebatzen ditut. Txikitatik datorkit xakearekiko zaletasuna, eta ez dut inoiz eten. Madrilen hainbat kategoriatan lehiatu nintzen, baina laneko arrazoiak tarteko, utzi egin behar izan nuen.
Nola sentitu zara jokatzen?
Egia esan, oso gustura. Etxean jokaldiak errepasatzen aritu naiz, eta egiaztatu dut eraginkortasunean %90aren gainetik ibili naizela, %96an unerik onenetan. Taulara bueltatzeko prestatzen eman dudan denborak bere fruituak eman ditu.

Zein izan da partidarik zailena eta zer jokalarik harritu zaitu gehien?
Ziur aski, Victor Drahuschakek. Denbora gutxi darama jokatzen, baina oso joku ona dauka. Bere kontrako partidan, hobeto aritu nintzen oro har, baina zailtasunak izan nituen, eta azkenean esperientzia erabakigarria izan zen.
Kanpokoa izanda, zer iruditu zaizu Azkoitiko kluba? Ondo hartu zaitu?
Lehen egunetik harrigarria izan da. Hainbat lehiaketetan parte hartzera gonbidatu ninduten, eta jendea oso lagunkoia da nirekin, hamarreko tratua izan da. Eskerrak eman behar dizkiot David Lariño maisuari, hark jarri baininduen harremanetan klub honekin.
Badirudi gusturago aritzen zarela partida geldoetan azkarretan baino. Zein da zure hurrengo helburua?
Esan behar dut apur bat eskas aritu naizela partida azkarretan, baina hobetzen ari naiz. Partida geldoetan jokaldi bakoitza aztertzea gustatzen zait. Preferente mailan Anaitasuna-Kakute xake taldeari ahalik eta puntu gehien lortzen laguntzen saiatuko naiz.