Irati Agirreazaldegi nagusi, Emakumeen V. Anaitasuna-Kakute Txapelketan

Erabiltzailearen aurpegia Anaitasuna-Kakute xake taldea 2025ko urr. 27a, 08:36

Emakumeen V. Anaitasuna-Kakute Txapelketako partaideak eta antolatzaileak.

Xake jokalari eibartarrak lortu zuen Azkoitiko xake taldeak aurten bosgarrenez antolatu duen txapelketa irabaztea. Monica Gomez sailkatu zen bigarren eta Anaitasunako Ane Arriola, hirugarren. Bestalde, Jorge Domingok irabazi du Hirugarren Mailako Gipuzkoako Zona-Txapelketako hirugarren jardunaldia.

Irati Agirreazaldegi eibartarrak irabazi du Anaitasuna-Kakute xake taldearen Emakumeen V. Anaitasuna-Kakute Txapelketa. Sei lagunek eman zuten izena, eta Agirreazaldegik nagusitasunez lortu zuen garaipena. Ligaxka erako txapelketa jokatu zuten bi itzulitara, eta giro ederrean aritu ziren parte hartzaile denak. Eibartarrak zazpi puntu batu zituen, eta hala lortu zuen Anaitasunak emandako garaikurra irabaztea. 

Txapelketako azken txanda zinez borrokatua izan zen; lau jokalari pare parean iritsi ziren amaierako partidara, eta denak ere garaipena eskuratzeko aukerekin. Ordea, Agirreazaldegik ez zien eman aukerarik gainerako aurkariei; Monica Gomez sailkatu zen bigarren, 6,5 punturekin, eta Ane Arriola hirugarren, sei punturekin. Alaitz Hidalgo izan zen laugarrena (5,5 puntu). Izaro Arriolak eta Bera Pascualek osatu zuten sailkapena. Lehiakide guztiak Juan Cruz Fernandez epailearen aginduetara aritu ziren. 

Anaitasuna Kakute taldeko Ane Arriola hirugarren sailkatu zen. 

Domingo nagusi, zonaldekoan

Bestalde, Hirugarren Mailako Gipuzkoako Zona-Txapelketako hirugarren jardunaldiko partida jokatu zuten herenegun, Azkoitian. Beste behin, Jorge Domingo nagusitu zen; oraingo honetan, Alex Francori irabazi zion Domingok. Irabazleak hiru jardunaldietan irabazi du, eta bi jardunaldiren faltan, aukera handiak ditu mailaz igotzeko. 

Bi hautagai nagusien arteko demaz gain, ordea, beste zenbait partida ere jokatu zituzten Azkoitiko Kultur Etxean. Oso-oso estu joan ziren lehia guztiak, xake jokalari guztiak dagoeneko jakitun baitira txapelketa azkenera iristen ari dela; igoera lortzeko postuak zeharo garesti daude. Hona hemen emaitza guztiak: 

  • J. Cruz Fernandez 1-0 M. Arriola
  • V. Drahuschak 1-0 A. Arriola
  • O. Gonzalez 1-0 E. Fernandez
  • J. Azpillaga 1-0 A. Hidalgo
  • J. Carlos Fernandez 0-1 A. Zubeldia
  • X. Garate 1-0 C. Solorzano

Laugarren jardunaldiari dagozkion partidak jokatuko dituzte datorren zapatuan. Honako hauek izango dira aste honetako partidak: 

  • J. Domingo-V. Drahuschak
  • A. Franco-O.Gonzalez
  • A. Zubeldia-J. Cruz Fernandez
  • M. Arriola-X. Garate
  • E. Fernandez-J. Azpillaga
  • A. Arriola-A. Hidalgo
  • E. Aldalur-C. Solorzano
  • Atsedena: J. Carlos Fernandez. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide