Anaitasuna Kakute xake taldeak V. Beteranoen Anaitasuna Xake Txapelketa jokatu zuen atzo, igandea, Azkoitiko Kultur Etxean, eta Juan Carlos Valorrek lortu zuen proba irabaztea. Hark 6,5 puntu bildu zituzten jokatutako zazpi partidatan; irabazleak ez zien aukerarik eman gainerako parte hartzaileei.
Bigarren Jose Joaquin Larrañaga sailkatu zen 4,5 punturekin, eta Juan Carlos Garcia izan zen hirugarrena, lau punturekin. A. Alzas (3,5 puntu), X. Beorlegi eta M. Paredes (hiruna punturekin), X. Ruiz (2,5 punturekin) eta J.C. Fernandez (puntu bat) sailkatu ziren gero, hurrenez hurren.
Datorren igandean, urriak 26, Emakumeen V. Anaitasuna Kakute Txapelketa jokatuko du herriko xake taldeak, eta oraingoz, bederatzi lagunek eman dute izena.
Gipuzkoako Zona-Txapelketak
Bestalde, herenegun jokatu zen Hirugarren Mailako banakako Gipuzkoako Zona-Txapelketako bigarren txanda. Gipuzkoako Xake Federazioak antolatuta eta Anaitasuna Kakutek lagunduta jokatu zuten proba, Bigarren Mailarako hiru igoera erabakiko dituen txapelketa; zinez txapelketa berezia izatea espero da, eta joan den zapatuko hitzordua hala izan zen xake jokalarientzat.
Jorge Domingok Juan Cruz Fernendez mendean hartu zuen; gauza bera egin zuten Alex Francok Alaitz Hidalgoren aurka eta Erik Fernendezek Ekain Aldalurren aurka. Bestalde, berdinketan amaitu ziren M. Arriola-V. Draushchack, A. Arriola-Fernandez Salas, X. Garate-O. Gonzalez eta A. Zubeldia-J. Azpillaga partidak. Hori hala izanda, Domingo eta Franco dira gaur-gaurkoz txapelketako liderrak. Bi xake jokalari horiek, gainera, datorren zapatuan elkarren aurka jokatu beharko dute.
Txapelketa bere erdira iritsi da, eta dagoeneko xake jokalariak hasita daude beren kalkuluak egiten. Gainerako partidak, berriz, honako hauek izango dira: Fernandez Martinez-M. Arriola; V. Drahuschak-A. Arriola; O. Gonzalez-E. Fernandez; J. Azpillaga-A. Hidalgo; Fernandez Salas-A. Zubeldia; eta X. Garate-C. Solorzano. Bestalde, E. Aldalurrek atseden astea izango du.
Izaro Arriolak, berriz, galdu egin zuen Elgoibarren (Gipuzkoa) jokatu zen Bigarren Mailako Gipuzkoako Zona-Txapelketako partida; Iker Graciaren aurka aritu zen hura, eta gauzak txandaren azken unean okertu zitzaizkion Anaitasuna Kakuteko ordezkariari. Oraindik Izarok izango ditu aukerak aurrera egiteko, guztira zazpi txanda jokatuko baitituzte txapelketa horren barruan. Markel Kerexetaren aurka irabaztea izango du orain helburu Arriolak.