Alaitz Hidalgo hirugarren, Urretxuko Axel Pauli Memorialean

Erabiltzailearen aurpegia Anaitasuna-Kakute xake taldea 2025ko ira. 22a, 08:35

Anaitasuna Kakuteko gaztetxoak, asteburuan.

Urretxuko eta Astigarragako xake txapelketetan parte hartu dute asteburuan Anaitasuna Kakute xake taldeko gaztetxoek. Urretxuko proban, gertu izan zuten xake jokalari azkoitiarrek txapelketa.

Joan den zapatuan, Urretxuko Axel Pauli memorialean parte hartu zuten Anaitasuna Kakute xake taldeko ordezkariek. Han, bi txapelketa jokatu zituzten: helduena eta 16 urtez azpikoena. Azkoitiko xake taldea hiru ordezkarirekin joan zen Urretxura, gazteen mailako proba lehiatzera: Alaitz Hidalgo eta Mikel zein Ane Arriola anai-arrebak.

Hirurek maila ona erakutsi zuten, eta horren adierazle da hirurak mahai nagusietan txapelketa irabazteko aukerekin lehiatu izana. Azken txandan, Hidalgok eta Mikel Arriolak galdu egin zuten, ordea, eta ondorioz, garaipena lortzeko aukerak galdu zituzten. Azkenean, Hidalgo hirugarren sailkatu zen, Ane Arriola laugarren eta Mikel Arriola zortzigarren.

Astigarragan (Gipuzkoa) ere jokatu zen beste xake txapelketa bat. 20:00etan hasi zen lehia han, eta 22:00etan amaitu. Pizza sorta ederrak lagunduta borobildu zuten han jaia. Hugo Rodriguezek irabazi zuen txapelketa, zortzi puntu eskuratuta. Anaitasuna-Kakuteko Luken Pascualek 37. postuan amaitu zuen txapelketa, lau puntu batu eta gero. Bera Pascualek, berriz, bi puntu eskuratu zituen, eta hala, 57. postuan sailkatu zen.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide