Azpeitian eta Hondarribian aritu dira Anaitasuna-Kakuteko xake jokalariak

Erabiltzailearen aurpegia Anaitasuna-Kakute xake taldea 2025ko ira. 15a, 08:27

Anaitasuna-Kakuteko kideak, Hondarribian. (Anaitasuna-Kakute)

Azpeitian eta Hondarribian aritu dira asteburuan Anaitasuna-Kakuteko kideak. Azpeitian, 11. postua lortu zuen taldeak, eta Hondarribian txukun aritu ziren herriko ordezkariak.

Udazkeneko xake txapelketak hasi dira loratzen, eta horren adibide izan dira asteburuan Anaitasuna-Kakute xake taldekoek parte hartu duten Hondarribikoa eta Azpeitikoa. Herenegun, zapatua, X. Azpeitia Hiria xake txapelketa jokatu zen hango Azoka Plazan, eta Gros xake taldea nagusitu zen.

Abadiño sailkatu zen bigarren, puntu bat gutxiagorekin, eta Beasaingo Alfil taldea hirugarren, bi puntu gutxiagorekin. Jose Joaquin Larrañaga, Manuel Paredes, Ane Arriola, Mikel Arriola eta Alaitz Hidalgo aritu ziren Azpeitia Anaitasuna-Kakute ordezkatzen. Txukun aritu ziren lagun horiek guztiak, 11. postua lortu baitzuten, sentsazio onak erakutsiz.

Hondarribian aritu zen, bestalde, xake taldearen beste ordezkaritza bat. Hango jaien bueltan antolatu zuten txapelketa, adin desberdinetako jokalariei zuzenduta. 72 lagunek parte hartu zuten txapelketan, eta absolutuen mailan Patxi Moreno nagusitu zen. Anaitasuna-Kakuteko kideei dagokionez, Juan Carlos Valor izan zen onena, hark zazpigarren postua lortu baitzuen lau punturekin; Lucia Valor, berriz, hemezortzigarrena izan zen, hiru punturekin. 

15 urtez azpikoen mailan, Luken Pascualek bederatzigarren postuan amaitu zuen txapelketa, hiru punturekin. 16 urtez azpikoan, berriz, Iaz Arellanok eta Bera Pascualek ordezkatu zuten Anaitasuna; hamahirugarren eta hamalaugarren amaitu zuten txapelketa, hurrenez hurren, bina punturekin.

Datorren asteburuan, Astigarragan eta Urretxun (Gipuzkoa) arituko dira Anaitasuna-Kakuteko kideak. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide