Blitz erako xake txapelketa jokatuko dute igandean Kultur Etxean

Erabiltzailearen aurpegia Anaitasuna-Kakute xake taldea

Anaitasuna Kakuteko kideak, Elorrion.

10:00etan hasita arituko dira xake jokalariak; Jose Luis Larrañagak iaz lortutako garaipena defendatuko du. Bestalde, joan den larunbatean Elorrioko Berriotxoako San Balentin txapelketan izan den klubeko ordezkaritza bat.

Datorren igandean, hilak 20, Anaitasuna Kakute xake taldeak blitz modalitateko xake txapelketa jokatuko du Kultur Etxean, 10:00etan hasita. Jokalari bakoitzak hiru minutu izango ditu jokorako, eta jokaldi bakoitzeko bi segundo gehituko zaizkie; suitzar erako zazpi txandako sistema da hori. 

Oso ekitaldi gustagarria da bazkideentzat, denboraldi amaierako eguna izanda, urte osoan izandako bizipenak berreskuratzeko eta oroitzeko eguna izan ohi baita. Jose Luis Larrañagak defendatuko du iaz lortutako titulua; hark ez die erraz jarriko bere taldekideei. Partidak zuzenean emango dituzte klubaren webgunean eta hainbat plataformatan.

Klubeko zuzendaritza batzordeak eskerrak eman nahi dizkie taldeko partaide guztiei hilabete hauetan egindako ahaleginagatik, taldeka Preferente mailan jarraitzea eta Bigarren Mailara igotzea lortu baitute. Era berean, eskerrak eman dizkiete kolaboratzaileei, gurasoei eta erakundeei GXF Sustapena edota San Andres xake txapelketak antolatzen laguntzeagatik haien laguntzarik gabe halako lehiek ez bailukete hainbesteko arrakasta izango euskal xakelarien artean.

Larunbatean, Elorrion

Bestalde, herenegun, Elorrioko (Bizkaia) Berriotxoako San Balentin txapelketa jokatu zuten, eta han izan zen Anaitasuna Kakute taldearen ordezkaritza bat. Lau jokalariz osatutako hamazazpi talde aritu ziren nor baino nor gehiago. Anaitasuna Kakute hamahirugarren postuan sailkatu zen; Jose Joaquin Larrañaga, Juan Cruz Fernandez, Manuel Paredes eta Erik Fernandez aritu ziren han lehian. Txapelketa gogorra jokatu arren, denek aurpegia eman zuten. Portugaletek irabazi zuen txapelketa, Abadiñori puntu bateko aldea aterata. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide