Asteburuan Euskadiko Eskolarteko Xake Jokoak jokatu zituzten Gasteizen, eta bi egunetan Alaitz Hidalgo azkoitiarrak parte hartu zuen; Gipuzkoako emakumerik onena izan da. Txapelketa gogorra izan du Alaitzek, eta 17. postuan amaitu txapelketa. Ondo pasatu du eta lagun berriak ezagutzeko aukera izan du, 2025eko eskola kirolaren zikloa osatuta.
Anaitasuna-Kakute xake taldeak ia dena prest dauka ekainaren 7an Zubiaurre Elkargunean, 10:00etatik aurrera, ospatuko den Azkoitia FGA Sustapen Jaialdia 2025 ospatzeko. Gipuzkoako eta Euskal Herriko etorkizun handiko 150 xakelari gaztek parte hartzea espero da. Izan ere, txapelketa hori Gipuzkoako xakearen etorkizuna sustatzeko antolatzen da, une honetako jokalari onenekin lehiatuz, eta txapelketarako prestatuz.
Hiru kategoriatan banatuko da ekitaldia: 20 urtez azpikoak ariko dira batetik, 14 urtez azpikoak bestetik, eta kimuak azkenik. Alde teknikoaz nazioarteko bi epaile arduratuko dira, Cesar Montolio eta Mikel Almansa, Anibal Fernandez, ImanolLarrañaga, Juan Cruz Fernandez eta Andres Perez epaileekin batera. Halaber, Asier Plazaolak osatzen du taldea, adingabeen arretarako LOPIVIren ordezkari gisa.
Antolatzaileok eta Azkoitiko Udalak parte hartzaile guztiei gogorarazi nahi diegu ekitaldi hau xakeaz gozatzeko egiten dela, kirol eta formazio tresna gisa erabiltzeko eta gure gazteriaren heziketaren osagarri izateko. Eta nahiz eta denok irabazi nahi dugun eta horretarako gauden, garrantzitsuena ikasten jarraitzea da eta, batez ere, lagun onak egitea eta haiekin gozatzea...