Alaitz Hidalgok eskolarteko infantilen Gipuzkoako Txapelketaren finala jokatu zuen larunbatean Donostian, eta hamargarren postuan amaitu zuen hura, sei partidetan hiru puntu batuta. Txapelketa ona osatu du gazteak, eta hura izan zen, gainera, finalean aurrena sailkatu zen emakumea. Hori hala, hilaren 24an eta 25ean Gasteizen jokatuko duten Euskadiko eskolarteko jokoetarako sailkatzea lortu du hark. Era berean, martxoan amaitu zen Taldekako Hirugarren Ligako txapeldun kopa jasotzeaz ere arduratu zen Hildago, Gipuzkoako Xake Federazioaren eskutik.
Larunbat arratsaldean, berriz, Xake Festa ospatu zen Donostiako La Salle ikastetxean, eta Luken Pascualek zein Bera Pascualek saio ona egin zuten, beste 30 bat lagunekin batera tarte atsegina igaroz.
Igande goizean, berriz, alebinen taldeko Gipuzkoako Txapelketaren finalaren txanda izan zen, eta Ekain Aldalur, Erik Fernandez, Ian Arellano eta Anartz Aranzadik Azkoitiko taldea ordezkatu zuten. Hamargarren sailkatu zen talde hori ere, eta egun ederra pasatu zuten Donostiako klubak Grosen duen egoitza handian.
Era berean, igande goizean Gipuzkoako txapelketa azkarra jokatu zuten Elgoibarren. Bost segundoz luza zitezkeen ordu laurdeneko partidak jokatu zituzten 45 lagunek, eta horien artean, Azkoitiko hainbat jokalari izan ziren. Oier Sarasketa zumaiarra gailendu zen, eta Anaitasuna Kakute klubekoen artean, Xabi Ruiz 16. sailkatu zen lau punturekin. Ane eta Izaro Arriolak, berriz, hiru puntu eskuratu zituzten, eta Mikel Arriolak bi puntu.
Amaitzeko, Udaberriko Xake Jaialdia ospatu zuten atzo Azpeitian, eta han parte hartu zuten Bera eta Luken Pascualek. Egun ederra igarotzeko aukera izan zuten biek orduan ere, eta Lukenek zazpigarren egin zuen lau punturekin, eta Berak 12. postuan amaitu zuen, hiru puntu batuta.