Emaitza onak Legazpin

Santakutzetako txapelketa jokatu zuten atzo Legazpian, eta Azkoitiko ordezkarien artean onena izan zen Jose Joaquin Larrañaga, 9 puntutatik 5,5 lortuta.

Santakutzetako txapelketa jokatu zuten atzo Legazpian, eta Oier Sarasketa nagusitu da aurtengoan; bolada onean da jokalaria, azken asteetan Donostiako Open-a zein absolutuen mailako Euskadiko Txapelketa ere irabazi baititu hark. Txapelketa estua izan zen atzokoa, eta gure ordezkarien artean onena izan zen Jose Joaquin Larrañaga, 9 puntutatik 5,5 lortuta. Alex Alzasek, berriz, bost puntu eskuratu zituen, eta honako hauek ere izan ziren txapelketan: Manuel Paredes eta Juan Carlos Valor (4,5), Xabier Ruiz (4), Juan Cruz Fernandez (3,5), Ane Arriola (1,5) eta Mikel Arriola (0).

Legazpiko Santikutz klubaren antolakuntzari esker, goiz atsegina igaro zuten horiek guztiek. Datorren larunbatean, berriz, Alaitz Hidalgok eskolarteko infantilen Gipuzkoako Txapelketaren finala jokatu du, eta igandean, alebin taldeen txanda izango da. Erik Fernandezek, Ekain Aldalurrek, Ian Arellanok eta Anartz Aranzadik osatuko dute Azkoitiko taldea, eta ahalik eta lan txukunena egitera joango dira Donostiara.

Igandean, Elgoibarren, berriz, Gipuzkoako txapelketa azkarra jokatuko dute; (hamabost minutuko partidak, bost segundoz luza daitezkeen jokaldiekin), eta Azkoitiko hainbat jokalarik parte hartuko dute. Horrez gain, Azkoitia GXF Sustapena txapelketa ere abian da; ekainaren 7an jokatuko dute Elkargunean, 10:00etan hasita, eta guztira, hiru kategoriatan banatutako 150 gaztek parte hartuko dute: 12 urtez azpikoek, 14 urtez azpikoek eta 20 urtez azpikoek. Dagoeneko eman daiteke izena txapelketan, eta Azkoitiko, Gipuzkoako zein beste lurralde batzuetako jokalariak elkartuko dira bertan. Ekitaldian laguntzaile gisa, honako hauek parte hartuko dute: Gros Xake Taldea, Azkoitiko Udala, Anaitasuna-Kakute, Danobat, FGA, Sidenor eta beste batzuk.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide