Anaitasuna Kakute xake taldeak Anaitasuna Koparen XV. edizioa jokatu zuen atzo arratsaldean, eta Juan Carlos Valor nagusitu zen, bederatzi partidatan 8,5 puntu eskuratuta. Soilik Juan Cruz Fernandezen aurka berdindu zuen hark. Emakumeen mailan, haren alaba Lucia Valorrek irabazi zuen, lau punturekin. Guztira, hemezortzi xake jokalarik parte hartu zuten Anaitasuna Kopan, eta giro ederra nagusitu zen.
Zuzendaritzak azaldu duenez, klubeko kideek ekintza asko izango dituzte datozen asteetan. Batetik, Xuban Garate, Lucia Valor, Ane Arriola, Alaitz Hidalgo eta Mikel Arriolak Euskadiko Txapelketa jokatuko dute datorren astean Eibarrean. Hidalgok, gainera, infantilen mailako eskolarteko finala jokatuko du maiatzaren 10ean Donostian, eta biharamunean, taldeka jokatuko dute alebinek finala; han parte hartuko dute, Erik Fernandezek, Ekain Aldalurrek, Ian Arellanok eta Anartz Aranzadik.
Bien bitartean, Anaitasuna Kakute kluba Azkoitia FGA Sustapena eta Azkoitia Hiria txapelketak antolatzen ari da. Taldeak lan handia du aurretik, baina ez zaio ilusiorik falta, eta azken hilabeteetan ikasitakoa erakusteko gogoz da. Zorte on guziei.