Atzo, zapatua, jokatu zuen Preferente mailako taldeak Gipuzkoako Xake Federazioaren liga txapelketako azken jardunaldia, Baionan. Txapelketa irabazita, eta ondorioz, maila igoera ziurtatuta, Anaitasuna Kakute taldeko kideek 2,5-1,5 galdu zuten. Gaizka Alberdik berdindu egin zuen bere lehia, Xabi Ruizek irabazi eta Juan Cruz Fernandezek zein Josu Plazaolak galdu.
Preferente mailako taldeak Euskal Ligara igotzeko play-offetako zazpigarren postuan amaitu du liga. Nolanahi ere, Hirugarren Mailako taldeko zenbait kideri maila handiagoko edota zailagoko partidak jokatzeko aukera emanez itxi du liga taldeak. Klubeko zuzendaritza batzordeak eskerrak eman nahi dizkie xake jokalari guztiei; izan ere, esfortzu handia erakutsi dute astero, eta ilusio nahiz gogo handiekin aritu dira, egunez egun, klubak dituen balioak defendatuz norbere maila hobetzeko lanean.
Aurrera begira jarrita
Dena den, Anaitasuna Kakute datozen hitzorduetara begira jarrita dago dagoeneko, liga txapelketa amaituta, txapelketa ugari baitituzte orain ere aurretik. Batetik, Azkoitia Hiria 2025 txapelketa prestatzen ari da kluba buru-belarri, baina, baita Anaitasuna Kopa, Blitz erako lehia eta GXF Sustapena txapelketa ere.
Horrekin batera, jokalari gazteenak Euskadiko txapelketak prestatzen hasita dira Anibal Fernandezen eskutik. Eibarren (Gipuzkoa) jokatuko dira txapelketa horiek apirilaren 23tik 26ra bitartean. Lehia horietan izango dira Anaitasunako Lucia Valor, Ane Arriola, Xuban Garate, Alaitz Hidalgo eta Mikel Arriola. Zorterik onena opa diegu guzti-guztiei.