Anaitasuna Kakute xake taldea Gipuzkoako Hirugarren Mailako txapeldun da, atzo Lasarteri irabazi ostean. Azkoitiko taldeak joan zen astean bermatu zuen bigarren mailara igotzea, baina atzo ere bere "indarra" erakutsi zuen, eta ordu erdian erabaki ziren norgehiagokak; 1-3 eginda, Hirugarren Mailako Gipuzkoako txapeldun izendatu zen taldea.
Xabier Ruizek eta Juan Carlos Valorrek partida bana irabazi zuten, eta Imanol Larrañagak eta Josue Goenagak berdindu egin zuten. Bien bitartean, Preferente mailakoek 1-3 galdu zuten Salto Bidasoaren aurka. Ane Arriolak eta Xuban Garatek galdu egin zuten, eta Manuel Paredesek, irabazi. Klubaren esanetan, "ikaragarria" da Izaro eta Ane Arriola bat eta bi tablen aurrean eta beraiek baino "handiagoak" diren jokalarien kontra erakusten ari diren jarrera. Datorren astean azken kanporaketa jokatuko dute maila horretan, Baionan.
Klubak azaldu duenez, denboraldi hasieran helburu argi bat zehaztu zuten zuzendaritzak zein kapitainek: "Maila" zuten jokalariek Preferente mailan jarraitzen lortzea, eta hori lortuta, "sustatu daitezkeen Hirugarren Mailako jokalariei" horretarako bide ematea. "Helburu guztiak bete dira, jokalarien lanari eta dedikazioari esker. Kluba oso harro dago taldekide guztien lanarekin eta inplikazioarekin, eta guztiek dituzten balioekin". Hirugarren Mailakoek lehen postua lortzea erakundeei eskaini die klubak, haien laguntzari esker lan egiten jarraitzeko modua duelako Anaitasuna Kakutek.