Anaitasuna Kakute xake taldeak Gipuzkoako Ligako zortzigarren jardunaldia jokatu zuen atzo, larunbatez. Preferente mailan, Anaitasuna Kakutek mailari eustea ziurtatu eta gero, talde gaztea hautatu zuen atzoko partidarako. Errenteriako Fomento Culturalen aurka neurtu zituen indarrak Azkoitiko klubak, eta 4 eta 0 galdu zuen, talde oso ona aurkeztu baitzuen Errenteriako klubak. Dena den, Anaitasuna-Kakuteko xakelariei asko ikasteko balio izan zien jardunaldiak.
Ane Arriolak J.R.Ros izan zuen parez pare, nazioarteko sailkapenean bera baino 663 puntu gehiago dituen jokalaria. Izaro Arriolak eta Xuban Garatek, bestalde, oso partida onak jokatu zituzten maila oso oneko aurkarien kontra. Mikel Arriolak berehala amaitu zuen neurketa, baina maila hobetzen jarraitzen du. Anaitasuna-Kakute Gros D taldearen aurka lehiatuko da datorren astean, Donostian.
Hirugarren Mailan, mailaz igotzera bideratutako taldea aurkeztu zuen Azkoitiko klubak, eta 3 eta 1eko amaitzarekin amaitu zuten neurketa Debako San Roke taldearen aurka; hala, liderrarengandik –Goierri– puntu batera gelditu da Azkoitiko taldea. Hurrengo astean jokatuko dute txapelketako azken jardunaldia, Bergaran, Zaleak klubaren aurka.
J.C.Valor, I.Larrañaga eta M.Paredes jokalariek garaipenak eskuratu zituzten, baina I.Kuendek galdu egin zuen neurketa. Orain, puntu guztiak irabazten saiatzea tokatzen da, eta liderrak Eibarren galtzeko zain geldituko da Azkoitiko kluba, horrela multzoko txapeldun izan eta zuzenean mailaz igotzea lortzeko esperantzarekin. Hala izan ezean, B multzoko bigarren taldearen aurka nor arituko den zehazteko kanporaketa jokatu beharko dute.