Joan zen astelehenean, otsailaren 3an, bete ziren Anaitsuna-Kakute xake taldea sortu zutela 46 urte. Urtemuga aitzakia hartuta, taldeko kideak emaitza onak lortzeko gogoz aritu dira asteburuan.
Preferente mailako taldekideak Donostian aritu ziren lehian. Gros C taldearen aurka neurtu zituzten indarrak Hector Sanchezek, Anibal Fernandezek, Jose Joakin Larrañagak eta Imanol Larrañagak, eta berdinketak eskuratu zituzten horiek. Emaitza ona da; izan ere, taldea sailkapeneko bosgarren postuan dago kokatuta, 7,5 punturekin.
Datorren zapatuan Gros Eren kontra ariko dira Anaitasuna-Kakuteko kideak, Azkoitiko Kultur Etxean. Gros E taldea sailkapeneko bigarren postuan da, 9,5 puntu batuta. Beraz, sailkapenean haiengana hurbiltzeko aukera izango dute larunbatean Azkoitiko xakelariek.
Hirugarren mailan, berriz, 0 eta 4 nagusitu ziren Azkoitiko taldeko kideak –Lucia eta Juan Carlos Valor, Juan Cruz Fernandez eta Alejandro Alzas–, Zumaiakoren kontra. Bigarren mailara igotzeko borrokan indarra eman dio atzoko lorpenak taldeari; laugarren postuan dira, 12,5 punturekin –sailkapeneko burua puntu batera dute–.
Anaitasuna-Kakuteko zuzendaritzak taldearen 50. urtemugan du jarrita dagoeneko fokua, eta eskerrak eman dizkie urteotan xakean aritzera taldera gerturatu diren herritarrei. "Gainera, eskerrak eman nahi dizkiegu era batera edo bestera gure helburuak lortzen lagundu diguten entitate guztiei, baita Azkoitiko herritarrei ere".