Hirugarren Mailakoen porrotak garraztu du Preferente Mailakoen garaipena

Anaitasuna Kakuteko xake jokalariak, atzo, Kultur Etxean.

Preferente Mailako taldeak garaipena eskuratu zuen Agustin de Leiza taldearen aurka. Aldiz, Hirugarren Mailakoek aukera aparta galdu zuten Bergararen aurka galduta.

Anaitasuna Kakute xake taldeko xakelariek garaipena eta porrota, biak ikusi dituzte asteburuan. Preferente Mailakoek garaipena eskuratu zuten atzo, zapatua, Agustin de Leiza taldearen aurka. Aldiz, Hirugarren Mailakoek galdu egin zuten Bergararen aurka.

Gipuzkoako Xake Federazioaren ligako laugarren jardunaldiko partidak jokatu zituzten Preferente Mailakoek Kultur Etxean, eta 3-1 irabazi zuten. Carlos Sanchezek, Anibal Fernandezek, Jose Luis Larrañagak eta Juan Carlos Valorrek osatu zuten Anaitasunaren laukotea. Lehen hirurek lortu zituzten azkoitiarren aldeko puntuak; aldiz, Valorrek galdu egin zuen bere lehia.

Orain, sailkapeneko seigarren postuan kokatu da taldea, 5,5 punturekin. KBI Zumaiako taldeak jarraitzen du lider, Anaitasunak baino lau puntu gehiagorekin. Datorren asteburuan, Anaitasuna Kakutek Gros C taldea izango du aurkari, Donostian.

Hirugarren Mailakoen porrota

Bestalde, Hirugarren Mailako taldeak aukera ezin hobea galdu zuen atzo, Bergararen aurka 1-3 galduta. Alzasek azkar galdu zuen bere partida, modu oso krudelean, gainera. Alaitz Hidalgok ere ezin izan zuen bere taldearentzako punturik batu, baina bai Xabi Ruizek. Nolanahi ere, Lucia Valorrek ezin izan zuen lehia berdindu; aurkaria baino gehiago izan zen, baina denbora agortu zitzaiolako galdu zuen hark.

Hirugarren Mailako taldea ere sailkapeneko seigarrena da orain, 8,5 punturekin. KBI Zumaiako taldearen aurka jokatu beharrean dira orain Anaitasuna Kakute xake taldeko kideak, eta horiek zortzigarrenak dira, 6 punturekin.

Bai Preferente Mailakoen partidetan, bai Hirugarren Mailakoenean, minutuko isilunea gorde zuten Jon Esnaola zenaren omenez. Elgoibarko (Gipuzkoa) Zubi Ondo taldeko xake jokalaria 57 urte zituela hil da. Anaitasuna Kakute taldeak bere doluminak helarazi nahi dizkion bere familiari eta lagunei.

Urteko batzar orokorra

Bestalde, xake taldeak hilaren 21ean egingo du bazkideen urteko batzar orokorra. 19:00etan hasita egingo dute bilera, Kultur Etxean. Hilaren 23an, berriz, Eskolarteko Gipuzkoako Txapelketako Azkoitiko zonaldeko lehiak jokatuko dituzte benjamin, alebin eta infantil mailako haurrek.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide