Gipuzkoako Ligaren barruko hirugarren jardunaldia jokatu zuten atzo, larunbata, Hirugarren Mailako xakelariek —Preferente Mailakoek atsedenaldia zuten—, eta Azkoitiko taldeak mendean hartu zuen Goierri. Izan ere, Anaitasuna Kakutek 2,5 puntu lortu zituen, eta Goierrik, puntu eta erdi.
Juan Cruz Fernandezek eta Josue Goenagak garaipen bana eskuratu zuten, eta Xabi Ruizek, berriz, berdinketa erdietsi zuen partida galduta zuela ematen zuenean. Bestelako zortea izan zuen Josu Plazaolak, irabazten zihoala denbora agortu baitzitzaion, eta ondorioz, partida galdu zuen.
Hori horrela, sailkapeneko laugarren postuan kokatu da Azkoitiko taldea, 7,5 punturekin. Datorren astean, berriz, sei puntu dituen Bergararen aurka jokatuko dituzte partidak. Preferenteek ere jokatuko dituzte norgehiagokak, sei punturekin bigarren postuan den Leitzako Agustin taldearen aurka.
Bestalde, zuzendaritzak jakinarazi du datorren otsailaren 23an eskolarteko Gipuzkoako zonaldeko partidak jokatuko dituztela infantilek, alebinek eta benjaminek. Aurreneko bi sailkatuek maiatzean Donostian jokatuko duten finalerarako txartela lortuko dute.