Urtearen azken astean Anaitasuna-Kakuteko jokalariek hainbat xake txapelketetan parte hartu dute. Horietako bat, Deban jokatu zen Gabonetako Xake Festa izan zen; Ibai Gallastegik eta Ibon Pesquerak irabazi zuten. Ixone Juradok, berriz, txapelketa ona egin zuen eta 16. postua eginda 3,5 puntu lortu zituen.
Beste bat, Azpeitiko Oilo Soro elkartean jokatutako Gabonetako torneoa izan zen. Ekain Aldalurrek bigarren postuan bukatu zuen, bost punturekin Tarrorekin eta Liurekin berdinduta. Urtea amaitzeko emaitza bikaina lortu du Aldalurrek.
Hirugarren txapelketa bat Zumaian jokatutakoa izan da. Txapelketa garrantzitsua izan zen, 80 jokalarik parte hartuz. Aitor Martinezek eta Asier Gonzalezek irabazi zuten, 7,5 puntu eskuratuta. Jose Joaquin Larrañaga azkoitiarrak 8. postuan bukatu zuen, 6,5 punturekin. Anaitasunako beste hainbat jokalarik ere parte hartu zuten Zumaiako txapelketan: Ane Arriolak (39.a, 3,5 puntu), Izaro Arriolak (59.a, 3,5 p.), Mikel Arriolak (63.a, 3p. ), Ixone Juradok (68.a, 3p.) eta Alaitz Hidalgok (74.a, 2p. ).
Urteko azken ekitaldia Errenterian jokatutako Erregetako III. Opena izan da. Juan David Becerrak irabazi zuen, eta Joel Pinedak 60. postua lortu zuen hiru punturekin.
Anaitasuna-Kakute xake taldearen zuzendaritzak jakinarazi du honakoa: "Oso urte oparoa izan da, une zirraragarriekin eta ekitaldi oso garrantzitsuekin, hala nola Fide100 munduko errekorra, San Andres, Sustapena, Azkoitiko Hiribildua, Hamalau urtez azpiko Espainiako Txapelketa, Espainiako selekzio autonomikoak, FGA Liga taldeak eta txapelketa lortzea".
Anaitasuna-Kakute xake taldeak gero eta bazkide gehiago dituela eta xake eskoletan gero eta jende gehiagok parte hartzen duela azpimarratu du taldearen zuzendaritzak. "Azpimarratzekoa da klubak bere ekitaldiekin eta duen lantalde handiarekin lortu duen irudi ikaragarria, bai antolakuntzari bai teknologiari dagokionez. Orain, 2025ean pentsatzen hasi behar dugu, eta urtarrilaren 11n ekingo diogu Ligako lehen txandari, bai Preferentean, bai Hirugarren mailan. Etxean izango dira partidak, 16:00etan hasita".
Azkoitiko herriari eta erakunde laguntzaileei eskerrak ematea besterik ez zaigu gelditzen. Urte berri on!