Anaitasuna-Kakuteko xakelariak Elgoibarren lehian

Igandean Emakumeen IV. Xake Txapelketa jokatu zuten Elgoibarren. Maddi Zubizarretak irabazi zuen Leire Vegarekin berdinduta.

Igandean Emakumeen IV. Xake Txapelketa jokatu zen Elgoibarren (Gipuzkoa), lau txandatan banatuta hogei xakelarik parte hartu zuten Zubi Ondo xake taldeak antolatutako txapelketan; tartean, Anaitasuna-Kakuteko hainbat xakelarik. Txapelketa Maddi Zubizarretak irabazi zuen, Leire Vegarekin 3,5 puntura berdinduta.

Anaitasuna-Kakute xake klubekoek emaitza onak lortu zituzten: Izaro Arriolak eta Alaitz Hidalgok 9. eta 10. postuan bukatu zuten, 2 punturekin. "Izaro gero eta joko hobea erakusten ari da. Alaitz, berriz, aurrera egiten eta konfiantza irabazten ari da. Usoa Juradok (14.a), Ane Arriolak (17.a) eta Ixone Juradok (18.a) puntu banarekin bukatu zuten, eta txapelketaz gozatuta gustura azaldu ziren.

Urtearen bukaerako azken txanpak Deban  jokatuko den adin txikikoentzako xake torneoa eta Zumaiako Gabonetako Torneoa izango dira. Bietan xakelari azkoitiarrek izena emanda dute.
 
Anaitasuna-Kakute xake klubaren zuzendaritzak Azkoitiko herritarrei jai eta urte berri zoriontsua opa die, eta denen aldetik jasotako babesa eskertu nahi die.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide