11 xakelarik jokatu zuten joan den igandean, Azkoitiko Kultur Etxean, Emakumeen IV. Anaitasuna Xake Txapelketa. Anaitasuna Kakuteko azkoitiarrekin batera, Kantabriako Liendoko (Espainia), Santurtziko (Bizkaia) eta Hondarribiko jokalariak lehiatu ziren txapelketan.
Giroa oso ona izan zen eta lehiarako gogoa joko aretora iritsi bezain pronto nabaritzen zen. Garazi Lanborenak irabazi zuen txapelketa; santurtziarrak oso indartsu ekin zion lehiari, eta ez zuen partida bakar bat ere galdu: hamarretik hamar irabazi zituen, erritmoa jaitsi gabe. Lucia Valor azkoitiarra sailkatu zen bigarren tokian, zortzi punturekin; eta Nora Lerak (Hondarribia Marlaxka) osatu zuen podiuma, zazpi punturekin. Hiru aurrenen ondoren sailkatu ziren A. Arriola, R. Rodriguez, L. Rodriguez, J. Goenaga, I. Arriola, I. Jurado, A.M. Greere eta A. Hidalgo. Esan beharra dago azkoitiarren joko mailaren hobekuntza nabaritzen dela, begiraleen eta bazkideen lanaren ondorioz.
Datorren urterako ekitaldi hobea edo jokalari nabarmenen batekin aldi bereko partidak antolatzeko lanean jarraituko du klubaren zuzendaritza.
Gipuzkoako Txapelketa
Hirugarren Mailako banakako Gipuzkoako Txapelketaren bigarren txanda jokatu zuten joan den zapatuan Azpeitian Anaitasuna Kakuteko xakelariek. Izarok Juan Cruzi irabazi zion, Xubanek Andoniri, eta Anek eta Alaitzek Aitorren eta Alejandroren aurka galdu zuten, hurrenez hurren.
Datorren asteburuko jardunaldian, berriz, Arriola ahizpak, Izaro eta Ane, elkarren kontra ariko dira; Juan Cruz-Xuban eta Juan Carlos-Alaitz izango dira beste bi neurketak. Oso erronda interesgarria izango da.