Anaitasuna-Kakute taldea, Eibarren mendeurreneko ospakizunetan

Anaitasuna-Kakute taldeko gazteak, Eibarren.

Bi taldek parte hartu zuten larunbatean Eibarren jokatutako Gipuzkoako Taldekako Blitz Txapelketan; talde bat zortzigarren sailkatu zen, eta bestea, hamazazpigarren. Urriaren 20an, Emakumeen IV. Anaitasuna Txapelketa jokatuko dute, eta abenduaren 1ean, sanandresetan jokatu ohi duten txapelketa.

Anaitasuna-Kakute xake taldearen ordezkaritza bat Eibarren (Gipuzkoa) izan zen herenegun, larunbata. Gipuzkoako Taldekako Blitz Txapelketa jokatu zuten han, Eibarko xake taldearen mendeurrena aitzakia hartuta. Guztira, Gipuzkoako hamazazpi xake taldek parte hartu zuten, eta Errenteriako Fomentok lortu zuen garaipena; puntu erdi atzetik sailkatu ziren Hondarribia-Marlaxka eta Billabona taldeak, bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren.

Lehia gogorra jokatu zuten xake taldeek Eibarren, eta horren adierazgarri dira taldeek pilatutako puntuak. Hamasei errondako liga jokatu zuten, eta aldeak oso txikiak izan ziren artean. Anaitasuna-Kakutek bi talderen ordezkaritza izan zuen: A taldean, J.C. Valor, Paredes, Alzas eta L. Valor aritu ziren, eta B taldean, Garate, A. Arriola, M. Arriola. A taldea zortzigarren sailkatu zen, eta B taldea, hamazazpigarren.

Txapelketen datak, zehaztuta

Bestalde, Anaitasuna Kakute xake taldeak zehaztu ditu datozen hilabeteetan jokatuko dituzten txapelketen datak. Emakumeen IV. Anaitasuna Txapelketa urriaren 20an, igandez, jokatuko dute Kultur Etxean, 16:00etan hasita. Abenduaren 1ean, berriz, 29. San Andres Xake Txapelketa jokatuko dute, Elkargunean. Dagoeneko hamabost talde desberdinetako 61 jokalarik eman dute izena, eta besteak beste, Enrique Tejedor Nazioarteko Maisuak parte hartuko du. Tejedorrez gain, Miguel Quintero Fide Maisuak ere parte hartzea espero da.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide