Anaitasuna Kakute xake taldeko kideak Durangon (Bizkaia) aritu ziren joan den larunbatean. Taldekako xake partida azkarren txapelketan parte hartu zuten han, Larrasoloeta xake taldeak antolatuta. Durangoko taldeak 40 urte bete ditu aurten, eta horren aitzakian jokatu zuten txapelketa.
Guztira, 42 talde elkartu ziren, bakoitza lau jokalariz osatuta. Zortzi taldeko zazpi multzo osatu zituzten, eta multzoko aurreneko biek lortu zuten aurrera egitea. Anaitasuna Kakuteko taldea Manuel Paredesek, Jose Joaquin Larrañagak, Ion Kuendek eta Imanol Larrañagak osatu zuten; multzokako fasea bigarren postuan amaitu zuten, eta finaleko multzoan bederatzigarren. Fomentok irabazi zuen txapelketa, eta haren atzetik sailkatu ziren Abadiño eta Sestao.
Azaroaren 3an itzuliko dira xakelariak Durangora; izan ere, orduan etorkizuneko xakelari gazteak protagonista izango dituen lehia jokatuko dute. Gabonetan ere izango da Durangora joateko aukera, orduan ere izango da eta beste txapelketa. Aktibo dagoen kluba da Durangokoa, ekintzak egiteko gogo handia duena.